Prestaketak
Datorren urteko denboraldia apurka forma hartzen doa
Traineru Kluben Elkarteak (TKE) urteko azken batzarra egingo du gaur goizean Burgosen. 2008ko liga Zaragozan hasiko da ekainaren 29an.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Hurrengo uda oraindik urrun samar dagoen arren, datorren urteko arraun denboraldiko prestaketak badoaz aurrera apurka-apurka. Arraun talde gehienek asteak daramatzate jada entrenatzen eta TKE Liga ere pixkanaka forma hartzen ari da. Gaur goizeko 10.00etan egingo dute urteko azken Batzarra Burgosen, San Miguel etxeak bertan duen egoitzan, eta lau puntu aztertuko dituzte: azken Batzar Orokorreko aktaren berrespena, 2007ko laugarren hiruhilekoko kontuen aurkezpena, estatutuak eta araudia aldatzeko aurkeztutako proposamenen onarpena eta dopinaren aurkako organoaren izendapena.
2008ko denboraldiko zenbait xehetasun ere aurreratu ditu egunotan Bizkaiko egunkari batek. TKE Liga ekainaren 29an hasiko da Zaragozan, Euskadik bertako Expoan pabiloia irekiko duen egun berean. Hain zuzen ere, erlojuaren aurkako proba egingo da Ebro ibaian, binaka. Aurretik emakumezkoen estropada ere egingo da Bizkaiako eta Gipuzkoako selekzioen artean. Ligak 19 proba puntuagarri izango ditu eta emandako informazioaren arabera, Galiziako estropadak uztaileko lehen eta azken asteburuetan jokatuko dituzte.
Beste aldetik, azken egun hauek nahiko beroak izan dira Laredo aldean. Cantabriako arraun elkartea kinka larrian zegoen babesle nagusiak huts egin ondoren, 80.000 euroko zorrari buelta eman ezinik. Trainerua uretaratuko ote zuten ere kolokan egon da, baina, azkenean, badirudi irtenbidea topatu dutela. Udalak urteroko dirulaguntza urtarrilera aurreratuko die eta, hala, ordainketei aurre egin eta zorra 30.000 eurora jeitsita, elkartearen etorkizuna bideragarria dela uste dute. Hori bai, entrenatzaile berria etxekoa izango da, «Lolo» Gutierrez eta, proiektua ere, etxeko dozena bat arraunlariri saldu beharko diote Laredotik hanka egin ez dezaten. Eta gainera, kontuan hartu behar da 2008rako laguntzarik gabe geratuko direla.