GARA > Idatzia > Euskal Herria

kronika | alkatearen aurkako dimisio eskaera

Urchueguiari motz gelditu zaio Youtube ikuskizunean segitzeko

Youtube-n jasotako arrakasta iku-si eta gero, ikus-kizunari segida eman zion atzo Ana Urchueguia Lasarte-Oriako alkateak. Oposizioko alderdi gehienek batera eskatu zuten PSEko hautetsiaren dimisioa. Udalbatza berezia izan zen, Somotoko aferaren ondotik sortutako eskandalua baitzen aztergaia. Alabaina, bilerari berezitasuna ez zion eman ez ohiko izateak, udalbatza bera «show» paregabea bilakatu izanak baizik.

p024_f01.jpg

Gari MUJIKA

Aurreikusi bezala, Lasarte-Oriako udalbatzak errefusatu egin zuen Ana Urchueguia Alkatetzatik kentzea. Ez hori bakarrik, baina. Somotoko (Nikaragua) afera guztiak bere horretan jarraituko du, ikertu gabe; Udalari dagokionean, bederen.

Eguerdiko hamabiak iristear zeudenerako, Lasarte-Oriako udaletxeko areto nagusian ez zen kasik tokirik gelditzen. Ezker zein eskuin, dena hartuta zegoen, eta horren arrazoiak ere, antzezlan on guztietan bezalaxe, azken ekitaldian agertu eta ulertuko ziren.

Araudia aintzat hartuta

Koitadu aurpegiz jesarri zen Urchueguia. Dozenaka herritar eta komunikabide begira zituen zuzen-zuzen. Sakeleko telefonoak itzaltzeko agindu zuen. Amen.

Bi hitz segidan esan bezain laster, PPko zinegotziak eten egin zion -muturrak jarrita alkatea, nonbait ez du gustuko inork hitza ahotik kentzea-, eta Capbretonen hildako bi guardia zibilez oroitzeko minutu bateko isilunea eskatu zuen, eta Udalak ekintza armatua salatzea. Udal araudiak ez ohiko batzarretan horretarako aukerarik ez duela ematen erantzun zion alkateak, baina, nola edo hala, zirrikituak aurkitu eta minutuko isilunea egin zuten. Hainbat zinegotzi eta herritar zutitu ez zirela-eta, PPkoen eta PSEkoen zenbait kritika zabaldu ziren.

Mozioa batera aurkeztu zuten alderdiek ordezkari bat izendatu zuten: EAE-ANVko Joxe Goikoetxea. Mozioaren defentsa berak egin, baina besteren batek irakurriko zuela azaldu arren, Urchueguia aurka agertu zen. Udal araudia irakurtzeari ekin zion eta koitadu aurpegia dagoeneko joanda, gogor jo: «Garbi gelditu al da?». Ohartarazpen zuzena, noski, geroago ikusiko zenez, araudia nola erabili ondo aztertuta agertu baitzen.

PPko zinegotziak mozio alternatiboa eraman zuen. Hori bozkatu eta errefusatu egin zen, eta ondoren mozio originalaren gaineko eztabaidan sartu ziren bete-betean. Oposizioko beste alderdi guztien aurka egin zuen orduan PPkoak, «Batasuna-ETAk» bultzatutako mozioa zelakoan. Hala joan ziren pizten lehenbiziko tentsio uneak.

EB, Urchueguiaren defentsan

EAko zinegotzia izan zen lehenbizikoa, mozioaren argudioa azaldu zuena. Ondoren, plataforma independenteko kidea. Gero, EAJko Estitxu Alkorta zinegotziak hartu zuen hitza.

Gogor aritu zen. Etxeko lanak ondo eginda eraman zituen, nonbait; banan-banan argitu zituen Lasarte-Oriaren eta Somotoren arteko senidetzea fartsa hutsa dela uste izateko arrazoiak. Xoxen kudeaketa ofizialki existitzen ez diren erakundeek egiten dutela erakutsi zuen eta frogatzeko gai dela adierazi ere bai. Joxe Goikoetxea ere gogor aritu zen alkatearen aurka.

Somoton esandakoak gogorarazi zizkion, Youtubeko bideoan agertu den bezala (atzokoan ez zuen esku poltsarik eraman): «Erromak ez die traidoreei ordaintzen». Laguntzaile baino, Nikaraguako Somoza diktadorearen tankera izatea aurpegiratu zion jarraian.

Bozkatzeko unea iritsi zen. PSOko zortzi zinegotziek, PPkoak eta EBko Ricardo Ortegak mozioa errefusatu zuten. Beraz, hamar boz aurka, eta zazpi Urchueguiak dimititzearen alde. Onena iristeko zegoen, ordea. EBko zinegotziak defentsa handiagoa egin zion Urchueguiari PSEkoak berak gero egindakoa baino. Sekulako antzezlana. Agian, gobernuan zokoa mantentzearen trukekoa.

PSEko Iñaki Mujikak literaturari heldu zion, eta Ruben Darioren poesia bat irakurri. Beste alderdiei hitza debekatu zien alkateak gero, eta berak hartu. Borborka bota zituen eskerrak eta PSEko Lasarteko taldeari emandakoan, lehen ordutik eserita zeudenak altxa eta txaloka hasi zitzaizkion. Hara non, alkatearena barik, Isabel Pantojaren tankera hartu zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo