Hondarribia-Irun
Igoera Ibizako neurketa zailean berretsi behar da
GARA | HONDARRIBIA
Hondarribia-Irunek azaroko miseriak atzean laga dituela dirudi. Azken hiru neurketak irabazi eta gero, Emakumeen Eurokopako final hamaseirenetarako txartela lortu eta ligako hirugarren garaipena erdietsi du. Igoera berrestea falta zaio orain Jon Txakartegiren taldeari.
Neurketa zaila du, hala ere, talde hondarribiarrak goranzko bide hori indartzeko. Arratsaldeko 18.00etatik aurrera Ibizako Ebe Promociones Santa Eulalia izango dute aurkaria, gehien indartu den taldeetako bat, alegia.
Ibizakoak Emakumeen Ligako laugarren postuan daude uneotan, zortzi neurketaren ostean bost garaipen erdietsi eta gero. Ligan jokatutako azken partida, esaterako, oso erraz irabazi zuten, Bartzelonako Olesa Espanyol 94-46ko emaitzaz birrindu baitzuten. Liljestrand, Lyttle eta Silvia Moralesek osatzen dute talde horren bizkarrezurra eta, hala, oso nekeza izango zaie Txakartegiren nei emaitza on bat lortzea.
Alabaina, gipuzkoarrak ere ez dira atzera begira egongo. Txakartegirenen artean Shameka Christon nabarmendu behar da beste behin, Challes Les Eauxen aurka berebiziko partida jokatu baitzuen, 39 puntu saskiratuta, horietatik 18, azken laurdenean.
New York Liberty taldeko bigarren entrenatzaile Nick Dipillo Hondartza pabiloian egon zen asteazkenean eta, gainerako guztien moduan, harritu egin zuen Christonek. «Azken bost urteotan jokatu dituen neurketa guztiak ikusi ditut, baina asteazkenean `Mikak' burutu zuen partida sekula egin duen onena izan zen», aipatu zuen.
Emakumeen Eurokopa
Bestalde, atzo jakin zuen Hondarribia-Irunek emakumeen Eurokopako final hamaseirenetan egokitu zaion aurkaria zein den: Kroaziako Gospic taldea, hain zuzen.
Urtarrilaren bederatzian Kroazian jokatuko dute joaneko partida hondarribiarrek eta, itzulerakoa, aldiz, urtarrilaren 16an jokatuko da Hondartza Kiroldegian.