Donostiak ere izango du Bruce Springsteen gozatzeko aukera
Donostiako Anoeta estadioan Bruce Springsteenen kontzertua egingo da uztailaren 15ean, 40.000 ikus-entzuleren aurrean. Euskal Herrira itzuliko da musikaria, pasa den azaroan Barakaldon jo ostean. Sarrerak, abenduaren 21ean, datorren ostiralean, jarriko dira salgai.
Anartz BILBAO | DONOSTIA
Antza, gustatu zaio Euskal Herria Bruce Springsteeni. New Jerseyko musikariak hiru hamarkada egin ditu mundu erdiko oholtzetan gurera etorri baino lehen. Alta, estreineko bisitaldian sarrera guztiak agortu eta Barakaldon 16.000 zale elkartu ostean, datorren urtean itzultzeko promesa egin du. Donostiako Anoeta estadioak jasoko du orduan rock izerditsuaren uholdea, uztailaren 15ean, Karmen egunaren bezperan.
Aspaldi entzunda genuen Springsteenek uda donostiarra ezagut zezakeenaren zurrumurrua, atzo goizera arte guztiz hitzartu gabe zegoen arren. Get In ekoiztetxea arduratuko da antolakuntza lanaz. Zeregin horretan, udalaren eta aldundiaren laguntza ere jasoko omen du.
Donostian agertzen denerako, artista estatubatuarrak «Magic» azken lana aurkezteko biran ehun kontzertu inguru emanak izango ditu. Jakina da oholtza gainean ikaragarrizko kalipua duela E Street Bandek eta jada zahartzen doazen arren, bi ordutik gora aritu ohi direla jo ta su izerditan, guztiz akitu arte. Zuzeneko grina hori du ikur taldeak, eta horrek erakarri izan du, erruz gainera, ikus-entzulea Bruce Springsteenek prestatzen dituen rock & roll festa erraldoi eta zirraragarrietara.
Anoeta estadioa musika ikuskizun erraldoietarako erabiltzen den lehen aldia ez da izango. 1994an Pink Floydek eman zuen estreineko kontzertua bertan. 2005ean, U2 irlandarren bira arrakastatsua ere Donostiatik pasa zen eta, urte bete geroago, Depeche Mode, estadioaren edukiera erdia erabilita. Bukatzeko, iaz Rolling Stones aitonak ikusi genituen bertan; ez zuten estadioa bete, ordea. Etxekoen artean, Donostiako Orfeoiak bete zuen Anoeta, elkartearen mendeurrena ospatzeko antolatutako kantaldian.
Adi salmenta sistemarekin
Barakaldoko hitzorduan, erabilitako salmenta sistemak makina bat arazo sortu zituen eta bat baino gehiago geratu zen esku hutsik, bere izar kutuna ikusteko aukerarik gabe. Adi, beraz.
Datorren ostiralean, Santo Tomas egunean, jarriko dituzte salgai sarrerak, goizeko hamarretan, Tick Tack Ticket-en ohiko saltokietan. 902 15 00 25 telefonora eta interneteko <www.ticktackticket.com» atarira ere jo daiteke. Guztira 40.000 saltzea eta sarrerak agortzea espero dute. Erosle bakoitzak, gehienez, sei eskuratu ahal izango ditu. Salneurriei dagokienez, esarlekuetako sarrerak 60, 70 eta 74 euro bitartekoak izango dira eta pistakoak ere, 60 euro inguru, banaketa gastuen % 10 gehituta.