Aizkora
Unai Otañok positibo eman du Gipuzkoako maila nagusiko finalean
J.L. | DONOSTIA
Unai Otañori onartu gabeko produktu baten aztarnak antzeman zizkioten, irailaren hasieran Donostian jokatu zen Gipuzkoako Lehen Mailako finalaren ostean egin zitzaion dopin azterketan. Egun hartan, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Ibarrako aizkolariak.
Berri hori ez da horren berria, azken hilabetean ahoz aho ibili baita, baina oraindik ez da ofizial egin, eta inork ez daki ziur zer ondorio izan ditzakeen. Seguru asko, datorren astean jakingo da.
Bien bitartean, triste samar baina lasai agertu zen Otaño ETBri egindako adierazpenetan: «Nik kontzientzia lasai daukat. Badakit nire errendimendua hobetzeko ez dudala ezer hartu. Zigorra heltzen bada, azkenean onartu egin beharko da, baina hori gainditutakoan, berriro ere, aurtengoa ez dela kasualitatea izan erakusteko moduan egongo naizela uste dut», esan zuen. Ibarrakoa herenegun Urrezko Aizkorako lehiaketan aritu zen, eta horrela jarraituko du, bere arazoaren gaineko erabakia kaleratu bitartean. Azkenean zigorra ezartzen badiote, lehiaketa horretatik kanporatu egingo dute.
Bizkaikoa
Mendieta, Atutxa II.a, Larrea, Aldape, Txikon eta Bihurri neurtuko dira gaur 20.00etatik aurrera Zeanurin, Bizkaiko txapelaren finalean. Aizkolari bakoitzak, lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Mendieta da faboritoa.