GARA > Idatzia > Editoriala

Baliko akordioa, gutxien-gutxienekoa

Nazio Batuen Erakundeak Klima Aldaketari buruzko Konferentzian, Balin, lortutako akordioaz geroztik beharbada munduak itxaropentsuago egoteko motiboa dauka. Beharbada, akordio «historiko» hori ez da, oraingoz behinik behin, ezeren berme. Aurrerapausoa da, zalantzarik ez, baina klima aldaketaren aurkako borrokan dena egiteko dago, NBEko presidente Ban Ki-moonek esan zuen bezala: ez da amaiera, hasiera baino. Izan ere, akordioa, funtsean, datorren urtean negoziatzen hastea baita, Kyotoko Protokoloa ordeztuko duen itun bat negoziatzen hasteko «errepide mapa», alegia. Gutxien-gutxieneko akordioa, beraz, berotegi efektua eragiten duten gasen isuriak murrizteko neurri zehatzik biltzen ez duena. Zientzialariek aholkatutako murrizketen ehunekoak (%25 eta 40 bitartekoak) aipatu egiten dira, baina ez neurri lotesle gisa, AEBen, Japoniaren eta Kanadaren ezetza dela-eta.

AEBek «amore eman izana» goraipatu zuen Ban Ki-moon-ek. Baina AEBak amore ematen azkenak izan baziren ere, ez ziren bakarrak izan. Nolanahi ere, ulergarria da Ban Ki-moonek goraipamen hori egitea, ohitura zaharra baita NBEan herrialde behartsuek baino ez ematea amore. Herrialde gehienek gas kutsagarrien isuriak murrizteko zientzialariek esandako neurriak onartzeko oztopoak jarri zituzten goi bileran; hala ere, batzuen uzkurtasunak ulergarriagoa dirudi, biziraupena baitute jokoan, eta beste batzuek, kutsadura handienaren erantzuleek, hain zuzen, beren pribilegio ekonomikoak lehenesten dituzte. Horren erakusgarri, AEBek akordioarekin bat egiteko zuen eragozpenik handiena herrialde behartsuei eman beharreko laguntza teknologikoa izan zen, garapen bidean dauden herrialdeen konpromiso handiagoa eskatuta ere.

Akordioa lortu behar zuten eta, 24 orduko atzerapenez, lortu egin zuten. Erabateko porrota izan ezean, edozein akordiok lorpena behar zuen izan. Espero zitekeen gutxienekoa. Gehiegi espero izatea ote da Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen itunak hura baino arrrakasta handiagoa izatea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo