GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Euskaraz bada ere

Herria da gorputza, hizkuntza bihotza, abesten zuen gizon hark. Eta zioen ere bai, elkarrengandik bereiztean, zerbait gertatzen zela, zerbait en plan txungo. Zerbait txarra gertatuko zela, alegia. SGAEk erregistratutako CD zahar batean aspaldi entzun nuen, aspaldi azkenekoz abesti hura. Ados nator kantu haren hitzen edukiarekin, noski, alferrik izango baitu bihotz bat gorputzik gabeko izakiak. Eta paradoxikoa dirudien arren, alferrik eta nekez, nekez eta alferrik izango du gorputz gabeko izakiak bihotza. Zenbat aldiz eztabaidatu da bihotza taupaka izan arren gorputza ohe batean mugitu ezinik duen horren izaeraz? Biziduna da ala hilik bizi da?

Gure herri-gorputz honi ia hezurdura osoa hautsi diote dagoeneko, urrezko makulurik falta ez zaion arren, egia da. Eta esku ortopedikoak, eta marfil distiratsuzko hortz berriak, titaniozko euskarriak eta sonotone puntakoena ere ez. Eta beste norbaiten birikak jarri dizkiote, beste honen gibela, urdaila ere beronena, eta sexu atalak ebaki dizkiote, besterik gabe. Gure herriak gaur den egunean bere kabuz ibiltzeko dauzkan aukerak ezereza dira bere ibili nahiarekin alderatuz gero. Horrela ez doa inora! Eta bere gorputz organo ia denak xehatuta edukita, zer eskatuko diogu bihotzari? Dena? Bera bizi den bitartean, gorputza biziko dela egia da, baina nola biziko da? Bihotza lehertzeraino behartuz? Zenbat elektro-txeke beharko ditu bihotzak gorputzaren ezina garraiatzeko?

Sutan naiz, azken aldian herri honenganako mespretxu izugarriak sutan nauka. Ez dira bada, zilarrezko lumak guda dantzan jarri ez dakit nork ez dakit zer espainolez idatzi duelako? Eta espainolek egiten dituzten keriek ez al dute zuen matxinadarik merezi? Euskararen herria da Euskal Herria, ez euskararen kontura bizi direnen herria. Beste egoera bat biziko luke euskarak Euskal Herria ez bagenu lau sosen truk salduko egunero-egunero. Beste egoera batean geundeke euskaraz egitearren jasotzen dugun ohorea Euskal Herria eraikitzeko erabiliko bagenu egunero-egunero. Beste egoera batean, bai. Zer dela-eta da bekatua espainolez idaztea eta ez espainolentzat euskaraz lan egitea? Zer dela-eta da delitua espainolez hitz egitea esandakoa espainolez esan denaren aitzakian espainiarrekin bat egitea ez denean delitu? Aurpegi galanta duzue zuetariko askok eta askok, aurpegi galanta!

Mezu piloa jaso dut telefonoan eta e-mail bidez azken boladan, eta pozten nau eskariak bidaltzen dizkidan jendeak, batik bat, eskatzen didatena euskaraz idaztea delako. Baina eskatzea eta epaile lana egitea ez direnez gauza bera, ezin berdin hartuko ditut batzuen eta besteen hitzak. Herria bizi dutenak, herrian bizi direnak, kalean nirekin arazorik gabe hitz egiten dutenen eskaria plazer handiz beteko dut, noizbait; baina euskararen banpiroen hitz pozoinduei erantzun bakarra dagokie nire hiztegian: egizue zerbait behingoz, egizue zerbait euskara eta Euskal Herria hil ez ditzaten. Egizue zerbait berandu baino lehen, euskaraz bada ere. Bide horretan egingo dugu topo. Bitartean, A las ocho en el bule.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo