Alpinismoa | Urteko sariak
Mendi eta eskalada sariak pil pilean
FEDMErenak jakinarazi dituzte, eta sari nagusia Oriol Barok eta Jordi Corominasek eraman dute. Errusiako Urrezko Pioleta, berriz, K2ren mendebaldeko aurpegian egindako espedizioak jaso du.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Inolako zalantzarik gabe, mendi zein eskalada jarduera onenak jasotzen dituzten ekimenak ugaldu egin dira. Duela hilabete pare bat Asiako Urrezko Piolet sariak banatu ziren. Orain, berriz, beste pare baten berri emango dizuegu: bata, Estatu espainolean; bestea, Errusian. Horrela bada, dagoeneko sartu gara sarien zurrunbiloan. Irakurleak ondo baino hobeto dakienez, ospe handiena duena Estatu frantsesean antolatzen den Urrezko Pioleta dugu. Bada, sari honen inguruan azken berriak baditugu. Antolatzaileek aurreratu digutenez, datorren urteko otsailaren 15ean banatuko da; baina, hori bai, lehenengo urtez lurralde horretatik kanpora atera dute. Bai, ekitaldia Italiako Aosta haranean egingo dute. «Montagnes Magazine» da antolatzailea, eta Aosta haraneko Erakundea eta Group d'Haute Montagne izango dira laguntzaileak .
Baina sari hori alde batera utzita, lehenik eta behin Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioarenak aipatuko ditugu. Nahiz eta ekitaldi nagusia, sari banaketa, urtarrilean egingo den, sail ezberdinetako irabazleen izenak jakinarazi dituzte. Iazko edizioarekin alderatuta, kirol eskalada zein bloke sailetan, ez da hautagairik aurkeztu.
Sari garrantzitsuena eta potoloena, Urrezko Pioleta izango litzatekeena, Oriol Barok eta Jordi Corominasek irabazi dute. Alpinista katalanek goi mailako eskalada egin zuten Siula Chico mendiaren mendebaldeko aurpegian. Isurialde horretako lehenengo igoera (6 bibakekin) izan zen, eta zailtasun teknikoak ere gogorrak izan ziren: VI/5+, MX, A2, 900 m. Europaz gaindiko jarduera onena izan dela azpimarratu du epai-mahaiak.
Europako alpinismoko eskalada onena, berriz, Josep Maria Esquirolek eta Albert Salvadok Jorasses Handietako ipar aurpegian egindakoa da. Katalanek Bonatti Vaucher bidearen (ED+, VI, 85/90º, M5/6, 6a, A2, 1.100 m) lehenengo espainiar igoera sinatu zuten. Rikar Otegik eta Josune Bereziartuk ere saria jasoko dute, paretako jarduera onenarena hain zuzen. Cotatueroko Espoloian (Ordesa) zabaldutako Ojo Critico bideari (8a, 400 m) esker izan da. Eta azken saria, izotz eta nahasi moderno sailean, Luis Pepinentzat izan da. Galiziarrak No limit bidea (M12+, Suitza) era askean igo zuen.
K2koa irabazle
Bestalde, azaroaren 25ean Moskun egindako ekitaldi batean, Errusiako Urrezko Piolet sariak banatu ziren; lehenengo aldia zen. 13 hautagai ziren, eta jarduera oso ezberdinak: zortzimilakoak, hormatzarrak, alpinismo teknikoa... Lehenengo sariaren irabazlea K2ren mendebaldeko isurialdean zabaldutako lehenengo bideari emandakoa izan zen. 16 lagunek hartu zuten parte eta bide osoa soka finkoz prestatu zuten.
Haien atzetik Himalaian egindako beste jarduera bat geratu zen. Sergey Kofanovek eta Valeri Babanovek Jannuren mendebaldeko pilarean egindako eskalada. Bi alpinistok era alpetarrean igo zuten eta honako zailtasunekin egin zuten topo: VI, WI4+, M5, 3.000 m. Eta hirugarrena Davy-Klenov-Shabunin hirukotearen jarduera da. Sokada honek Singu Charparen ekialdeko aurpegiko lehenengo bidea zabaldu zuen.
Errusiako Urrezko Pioletak, bere frantziar kidearenak ez bezala, ez du ohiko epai-mahairik izan. Independentea izan ordez, bozketetan 13 hautagaien arduradunak izan dira. Horrela bada, haien artean banatu da opila «Hamburg Score» bezala ezaguna da prozesu hori, 1918. urtean Victor Shklovsky literatur kritikariak indarrean jarri zuena.
Lehenengo ekitaldia izateko, ez da batere bare joan. Izan ere, antolatzaileek sariei jarritako izena ez zaie gustatu hainbat laguni. Horietako bat Pavel Shabalin dugu, K2ko jarduerarengatik irabazlea. Haren ustez, aurrerantzean sari honek «Titanen Borroka» izena hartu behar luke; eta urrezko pioleta eman ordez, titaniozkoa eman beharko litzateke. Shabalinek gehitu du, Kirov errusiarrak egina izan behar duela; hots, originala eta errusiar markakoa.