GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Alfre Elgezabal Burgos EGKren komunikaziorako arduraduna

Anerentzat baloia, Ikerrentzat sukaldetxoa

Txiki-txikitatik ikusi, jaso, entzun eta barneratzen duguna sarritan gure etorkizuneko jarrera eta jokabideen hazi bihurtzen ari da

Olentzero igaro da, eta Baltasar ate joka dugun garaia usaintzearekin batera, askok GPSaren beharrik gabe dendetarako bidea hartzen du zuzen-zuzenean. Gaur egungo gazteen belaunaldia eta eurena etengabe alderatzen ari diren guraso helduek opariak erosteari ekingo diote. Sasoi honetako kontsumorako joeren eztabaidetan sartu barik, zenbait erosketak ekar ditzaketen ondorioei erreparatzea ezinbestekoa da. Txiki-txikitatik ikusi, jaso, entzun eta barneratzen duguna sarritan gure etorkizuneko jarrera eta jokabideen hazi bihurtzen ari da. Hori dela-eta, gabonetan erositako jostailu eta jokoek ez liokete hazi horri pestizidarik bota beharko. Begizta disdiratsuekin eta koloretako paperekin kamuflaturiko zenbait oparik, ez lukete indarkeriari, xenofobiari edota generoari begira ezarritako etiketen pizgarri izan beharko. Ez lukete... baina batzuetan badira.

Gizarte honek bizi duen izurriterik larrienetarikoa hedabideek eta publizitateak igorritako mezuak filtratzen ez jakitean datza. Begi edo belarrietatik hurbil iragazkirik ez edukitzeak negargarriak izaten diren ondorioetara garamatza askotan. «Vogue» aldizkariaren azalerako izar izan daitezkeen panpinei buruzko iragarkietan Saioa, Olga edo Patricia izango dira protagonistak; Irakera joateko deia jaso dezaken pistoladun azken gerlariaren argazkia azalarazten duen katalogoan protagonistak Koldo, Mikel, Alex edo Arkaitz izango dira. Ez lukete... baina batzuetan badira.

Ume eta nerabeek heziketa osoa eduki dezaten, ikastetxeak, senitartekoak eta aisialdi taldeak izaten dira protagonista. Gazteriaren Kontseilu honek barneratzen duen elkartegintzaren munduak, genero berdintasunean edo bakerako heziketan oinarrituta, gabonei begira hainbat salaketa eta informazio kanpaina egin izan ditu. Hau gutxi balitz, ikastaroak, liburuak, material didaktikoa, jolasak... argitaratu dituzte. Azken hauek, batez ere, antimilitaristak eta bakezaleak diren elkarteetatik zein astialdirako eskola edo koordinakundetatik abiatutakoak.

Heziketa oso baterako ezinbestekotzat jo ditugun hiru adarretariko batek kale egindakoan, 18-25 urte dituen gazte batek errotuta dituen jarreretan nahi ez ditugun zantzuak antzeman ditzakegu. Azkeneko egunetan adin txikikoei leporatutako delituek gora egin dutela jakin dugu, era berean, hain urrun ez dugun azaroaren 25ak argi utzi digu nerabeengan hezkidetza ahalik eta lasterren hedatu beharreko kontzeptua dela. Izan ere, gero eta gehiago dira emakumeen aurkako indarkeria kasuetan 30 urte baino gazteagoak diren erasotzaileak. Arnasten dugun airean zinez errotuta dauden gizonaren «sendotasuna» eta emakumearen «ahultasuna» legezko etiketek, birusen antzera gaixo gehiago kutsa ez ditzaten, Alaitzi edo Sergiori aurten oparitu dizkiegun joko eta jostailuei buruzko hausnarketa txiki bat egitea komeni da. Iratik futbolerako grina azaltzen badu, marimutil bihur daitekeela usteko du gaur egungo gazteen belaunaldia eta eurena etengabe alderatzen dabilen aita edo ama helduren batek; Josuk, ordea, jaten eman eta ilea orraztu behar zaion panpin batenganako zaletasuna erakusten badu, pertsona berak maritxu esango dio. Funtsik bako leporatze hauek etengabeko alderaketetan dabiltzanen sasi-beldurrak estaltzea baino ez dute helburu. Etiketarik gabeko eta berdintasun osorantz garamatzan gizarteari gure leihoak zabal diezazkiogun, mesedez, tajuz eta arduraz hartu arkatza zein luma Olentzero edo Baltasarri enkarguak egiteko eskutitza idaztean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo