Kanguruez eta sushiaz gain, Gasteiztarren filmak badu zer kontatu
Australiara egin zuten bidaia duela hiru hilabete Ander Elorza eta Jon Urdangarin gasteiztarrek beren ikus-entzunezko proiektuari ekiteko asmoz. Joseba Elorzak, berriz, etxetik, munduarimundo blogetik, alegia, bi bidaiari hauen berri eskaini du egunerokotasun osoz.
Josune VELEZ DE MENDIZABAL
Zergatik zait hain beharrezkoa bidaiatzea?», hauxe da Iñaki Albitxuri filmaren protagonistak bere buruari egiten dion galdera. Erantzuna topatu nahian, Albitxurik galdera hau aurkitzen dituen bidaiariei egitea erabaki du, eta bidaia-liburu bat idaztea elkarrizketa horiek liburuaren ardatz bihurtuta. Bilaketak ordea, Australia eta Japonia aldera eraman ditu, ez Albitxuri fizkiozko personaia soilik, Ander Elorza eta Jon Urdangarin gasteiztarrak ere bai.
Errealitatea eta nahiak nahasten dituen filma da «Munduari mundo» izena hartuta, lehengusu bikote honek abiatu duen egitasmoa. «Hasieran, kontzeptu eta intuizio irekiz hasi genuen proiektu hau. Idazle gazte batek bere bizitzak hartutako dinamika aldrebesari aurre egingo dio bidaia luze bat antolatuz, baina etengabe datorkio burura galdera bera», azaldu du Ander Elorzak. Horrekin, Albitxuri eta Elorzaren parekotasunak zenbaitetan agerian daudela ematen du. «Sakonegi jo gabe, nik neuk erantzun dezaket niri bizitza gustatzen ez zitzaidan dinamika bat hartzen hasia zela, eta aldaketa baten premia nuela. Egunerokotasunetik atera, eta horrelako bidaia aberats bat egin nahi nuen», aitortu du.
Gasteiztarrak, garai hartan langabezian, bere ametsari behingoz hetzea erabaki zuen urrian. Euskal filologoa da Ander, eta Zinema ikasketak Bartzelonako C.E.C.C. eskolan egin zituen. Gidoirako berariaz sortutako Albitxuri pertsonaiak bezala, Anderrek ere Australiara bidaiatzeko gogoa zuen aspaldian barruan sartuta. Bidaia honetan Jon Urdangarin, adiskide, lehengusu eta argazkilaria hautatu zuen laguntzaile. Biek, hiru hilabete eman dituzte Australian zehar, abentura honetan topatu dituzten bidaiariekin solasean. «Gure asmoa hasieratik izan da premisa honi ondo eutsi, eta bidaiak ematen zizkigun ezustekoak filmaren mesedetan erabiltzea -idatzi digu Elorzak gure jakin-mina asetzeko-. Argi geneukan malguak izan behar genuela, eta gertatzen zirenak, filman modu koherente batean sartzen saiatu behar genuela; errealitateak oparitzen zigunari uko ez egin, eta gure esparrura ekartzen saiatzea, alegia».
Road-movie hitza aipatu du Elorzak. Leku batetik bestera egin dute jauzi azken asteetan Jon eta Elorza bikoteak 95eko Ford Falcon kotxe eder eta dotore batean. Elkarrizketak tartean, honako pasartea ekarri du gogora Elorzak adibide gisa: «Holandar bidaiari gazte batekin solasean ari ginela, bat-batean, bi kolonbiar gerturatu zitzaizkigun zertan ari ginen galdezka. Bidaiariei buruzko dokumental bat egiten ari ginela azaldu, eta modu guztiz espontaneoan, gaiaren inguruan aritu ginen tartetxo batez, eta jakina, Jonek grabatzen jarraitu zuen»
Orain, ordea, Jon Gasteizen bueltan da, eta Ander Japonian dago duela hamar bat egun. Baina animoso eta elkarrizketa gehiago egiteko gogotsu azaldu da zuzendari gaztea. «Hasieran pentsa zitekeena baino dezente hobeto dabil. Izan ere, horrelako egitasmo bat martxan jartzen denean, zalantzak etengabe datozkizu burura. Are gehiago, horrelako dokumental mota izanik -onartu du-. Hala ere, momentuz, ezin hobeto dabil».
Ander ez da bakarrik sentitzen. Proiektuaren hasiera-hasieratik hirugarren mosketeroa baitabil uhinetan zehar, leku baten edo bestearen xarma, nomada ez garen gainontzekooi gerturatzeko. Filma bezain garrantzitsua da Joseba Elorzak tentuz eguneratuta duen bloga.
www.munduarimundo.com atalean sartuz gero, hain zuzen ere, Anderrek eta Jonek eginiko hainbat etaparen nondik norakoak ezagutzeko aukera dago: argazkiak, bideoak... zintzilikatu baititu diseinatzaileak webgunean. Josebak soinu ikasketak egin zituen Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan, eta egun www.miraruido.com webgunearen sortzaile ere bada.
HIlabete barru etxean
«Blogak bizirik jarraitzekotan, aukeratutako herriek azpiegitura minimo batzuk eskaini behar zizkiguten, esaterako, internetera erraz jo ahal izatea, bideoak muntatzeko argi indarra denbora luzez edukitzea, eta halakoak behar genituen», argitu du Elorzak Japonia eta Australia herrialdeak aukeratu izanaren arrazoi gisa.
Ander Elorza zuzendari gaztea bere bidaiaren azken fasean da dagoeneko. «Printzipioz, filmaren bukaera Japonian filmatu nahi nuen. Halaxe planteatu nuen istorioa hasieran. Baina ez nuke nahi egitasmoa itxi, eta beste herrialde batera bidaiatzeko aukera bat-batean agertzea», aipatu du. Mentalitate irekiz eta zaku bete ilusioz, Anderrek bere jardueretan darrai, Jon eta Joseba, fisikoki ez bada ere, ondoan dituela.
Behin bueltan, postprodukzioari ekin beharko diote, ez dute gehiegi luzatu nahi, ordea: «Ikusgai non izango den ez dakigu oraindik. Ondo legoke despistaturen bat kokakola eta krispetekin gure filma ikustera sartzea». Umorea osasun onaren isla da, zalantzarik ez.
«Hala ere, Japonia filmaren bukaera izan daiteke, baina inola ere ez egitasmoaren bukaera. Izan ere, lehen aipatutako galdeketak falta dira Australian, eta Gasteizen ere, zenbait gauza filmatzeke dira». Zer esanik emango duen opera prima.