GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzoetako Olentzeroei eskatutako fiantzak baliogatu zituen UPNk

UPNk ez zion muzin egin Iruñeko Udalbatzak onartutako mozioari, eta azken lau urteotan auzoetako koordinakundeei olentzeroen kalejira ospatzeagatik eskatu dizkieten fidantzak baliogabetzea erabaki zuen. Hala, Donibaneko, Txantreako, Errotxapeako eta Sanduzelaiko kalejirak normaltasun osoz egin ziren. Dena den, Donibanen, udaltzainek presoen erretratuak zeramatzatenei argazkiak atera zizkietela salatu zuten antolatzaileek.

p021_f02_148x148.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Germanen estelaren auziarekin gertatu zen bezala, azkenean UPNk udalbatzak onartutako mozioa bete behar izan zuen, eta auzoetako koordinatzaileei Olentzeroen kalejira antolatzeagatik eskatzen zizkien 1.000 euroko fidantzak baliogabetu behar izan zituen.

Auzoetako koordinakundeetako bozeramaileek joan den larunbatean eskatu zuten baimena, eta igaro den asteko udalbatzan mozioa aurkeztu zuten auzo elkarteei fidantza horiek ez ezartzea eskatuz; beren ustez, «dokumentu horrek diru kopuru hori ez ordaintzea baimentzen duelako». Dena den, UPNren erantzuna azkenengo unean iritsi zen, herenegun eguerdian, hain zuzen ere. Hortaz, Donibaneko, Sanduzelaiko, Errotxapeako eta Txantreako bizilagunek ez zuten ekitaldia lasaitasunez eta patxadaz antolatzeko denborarik izan. «Eguerdira arte ez genuen jakin udaltzainek kalejira ateratzen utziko ziguten ala ez, eta horregatik, azkenengo unera arte zain egon ginen. Zorionez, bazkal ostean, udaltzainak baimenarekin agertu ziren», azaldu zion GARAri Donibaneko kalejiraren antolatzaile, Koldo Osinagak.

Dena den, udaltzainek kalejira egin ahal izateko arauak jarri zituztela salatu zuen Osinagak. «Poliziek esan ziguten debekatuta zegoela kalejiran auzoko preso politikoen argazkiak eramatea. Hala ere, bizilagunek beren senideen erretratuak atera zituzten, eta udaltzainak horiei argazkiak ateratzen aritu ziren». Horren haritik, antolatzaileek onartu zuten poliziek bizilagunei isunen bat ipiniko ote dieten «beldur» direla. «Ez litzateke harritzekoa datorren astean «Diario de Navarra» egunkarian udaltzainek kalejiran izandako hainbat pertsonari isunak jarri dizkietela argitaratzea», kexatu zen Donibaneko auzo elkarteko ordezkaria.

Era berean, Osinagak salatu zuen Simon Santamariaren agindupean dauden poliziek ez zutela beren lana behar bezala bete. «Hasieran esan ziguten kalejirara patruila bat etorriko zela zirkulazioa bideratzeko, baina ez zuten agindutakoa bete, eta ekitaldira hurbildu ziren udaltzainak zirkulazioa kontrolatu beharrean, presoen erretratuak zeramatzatenei argazkiak ateratzen ibili ziren», gaitzetsi zuen auzo elkarteko kideak.

Ekitaldian 1.500 bat pertsonak parte hartu zuten, eta joan den gabonetan gertatu ez zen bezala, herenegun, Donibaneko haurrek Olentzero inongo trabarik gabe ikusteko aukera izan zuten. Era horretan, Osinagak nabarmendu nahi izan zuen kalejira «normaltasun osoz» irten zela, eta ibilaldian ez zela «tentsio unerik izan». Hala, Donibaneko auzo elkarteko eledunak bizilagunei «une latzetan Olentzero babestu izana» eskertu zien. «Azken urteotan, gero eta bizilagun gehiago etortzen dira Olentzeroren kalejirara, eta hori benetan eskertzekoa da, are gehiago, poliziek iskanbila sortzeko arriskua zegoela kontuan hartuta. Argi dago jendeak UPNren euskal kulturaren aurkako eraso honi ondo baino hobeto erantzuten jakin duela», azaldu zuen.

Istiluak Arrosadian

Herenegun Sanduzelain, Txantrean eta Errotxapean egin ziren Olentzero kalejiretan ere, ez zen arazo handiegirik izan, Iruñeko Udalaren baimenak auzo guztietarako balio baitzuen.

Dena den, joan den igandean Olentzero Iruñeko beste lau auzotan irten zen; Iturraman, Mendillorrin, Arrosadian eta Etxabakoitzen. Lehenengo bi auzoetan ez zen inolako arazorik izan, lehenago 1.000 euroko bermea ordaintzea erabaki baitzuten, hain zuzen ere. Arrosadian eta Etxabakoitzen, berriz, Udaltzaingoak oztopo anitz ipini zituen kalejirari irteten utzi baino lehen.

Arrosadian, poliziek argi utzi zuten kalejira ateratzeko ezinbestekoa zela Udalak eskatutako diru bermea ordaintzea. Azkenean, kalejirari utzi zioten irteten, baina ordainetan, autoen matrikula idatzi zuten jabeei isuna jartzeko asmoz.

Bost urte Olentzerori denetariko trabak jartzen

2003an, UPNren eta CDNren udal taldeek, auzo elkarteak Olentzeroen kalejirak aurrera atera ahal izateko 1.000 euroko fidantza ordaintzera behartzen zituen udal-ordenantza onartu zuten. Haren arabera, Udalak bermea itzuliko zien, baldin eta egiaztatzen bazuten ekitaldian ez zirela euskal preso politikoen aldeko aldarrikapen eta eskaerak kaleratzen. Udal-ordantza hori, «Iruñea, gizatasunaren alde» deituriko legearen barnean kokatu zuten.

Auzoetako bizilagunen elkarte gehienek inposizio hori ez onartzea erabaki zuten, euskal kulturaren aurkako erasoa zela ulertu baitzuten. Hala, azken urteotan, Olentzero kalejira gehienak mehatxupean atera dira, eta askotan auzoetako koordinakundeek isun handiak ordaindu behar izan dituzte. Hori izan da bizilagunek Olentzero kalera ateratzeagatik ordaindu behar izan duten bidesaria.

Iragan Gabonetan, koordinakunde kulturalek kalejiren antolakuntza auzokide anonimoen esku uztea erabaki zuten, era horretan udaltzainek isunak jarriko ez zizkietela pentsatuz. Hala ere, poliziek, Simon Santamaria buru zutela, 14 bizilagunei orotara 24.000 euroko isuna ipini zieten. A.V.M.

1.500 pertsona

Donibane auzoan, 1.500 bizilagun izan ziren Olentzeroren kalejiran. Auzo elkarteko bozeramaile Koldo Osinagak, «egoera zail honen aurrena auzokideen erantzun paregabea» goraipatu zuen.

santurtzi

Herenegun, Olentzeroren kalejira Santurtziko Ertzaintzaren komisariara hurbildu zen ikatza uztera, baina ertzainak haserretu egin ziren eta bizilagunak jipoitu zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo