GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aiako bizilagun bat hil da Orion arrantzan zebilela itsaslabar batetik erorita

Atzo goizean Ertzaintzak Aiako gizon baten gorpua aurkitu zuen Orioko itsaslabar batean. Hildakoak 35 urte zituen, eta bere senideek herenegun eman zuten desagerpenaren berri polizia etxean. Ertzaintzaren arabera, erortzean buruan jaso zuen kolpearengatik zendu zen.

GARA |

Atzo goizean Ertzaintzak 35 urteko gizon baten gorpua topatu zuen Orioko itsalabar batean. Lakuako Gobernuko Barne sailak jakinarazi duenez, hildakoa Aiako bizilagun bat da, eta jadanik herenegun senitartekoek bere desagerpena salatu zuten polizia etxean. Senideek azaldu zuten gizonak esan ziela arrantza egitera zihoala, baina ez zela arratsaldean etxean adostutako orduan azaldu. Era berean, poliziei azaldu zieten bere ibilgailua Itxaspetik hurbil egon zitekeela. Hala, Ertzaintza senideekin batera gizonaren bila hasi zen. Erreskate-lanetan Gurutzeko Gorriko ontzi batek ere parte hartu zuen.

Bilaketa lurretik, zerutik eta itsasotik egin zuten, ibilgailuekin, helikopteroekin eta itsasontziekin, baina 1:15ean bertan behera utzi zuten oso ikuspen gutxi zeukatelako. Horrela, atzo, goizeko bederatzietan berriro ere hasi ziren gizona erreskatatzeko lanetan, eta azkenean, 11:00ak aldera, F.J.M.S. inizialak dituen Aiako bizilagunaren gorpua Orioko itsaslabar batean aurkitu zuten.

Lakuako Gobernuko Barne Sailak helarazi duenez, gorpua berreskuratu ostean, helikopteroan eraman zuten Orioko portura. Dirudienez, 35 urteko gizonezkoa arrantzan zebilen, eta oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik itsaslabarretik erori zen, eta horren ondorioz zendu.

Emakume bat hil da Gorlizen

Bestalde, herenegun arratsaldean 70 urteko emakume bat Gorlizen zendu zen auto batek harrapatu ostean. Istripua 14:10ak aldera gertatu zen, BI-3157 errepidean, Rover 214 markako ibilgailu batek 70 urteko emakume bat kolpatu zuenean.

Lakuako Barne Sailak emandako informazioaren arabera, adineko andrea istripua gertatzean hil zen.

erreskate-lanak

Ertzainek gizona lurretik, zerutik eta itsasotik bilatu zuten herenegun arratsaldean, eta azkenean atzo goizean gorpua itsaslabar batean topatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo