GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Arantza Urkaregi eta Andoni Arriola Bizkaiko Batzar Nagusietako EAE-ANVko taldearen izenean

Bizkaiko aurrekontuekin, pertsonek irabaziko dute?

Bizkaiko aurrekontuekin ez dute pertsona guztiek irabaziko, ezta premia gehien dutenek ere. Ez, gutxi batzuk dira irabaziko dutenak

Gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek 2008ko ekitaldiko Bizkaiko aurrekontuak onartuko dituzte, baina jadanik foru aldundiak horien aldeko propaganda kanpaina abian jarri du. Lelo batek dioenez, aipatu aurrekontuekin pertsonek irabaziko dute. Eta hori argudiatzeko, aurrekontuen %54 gizarte politiketan gastatuko dela aipatu dute. Gizartekintzaren aurrekontua %27koa da, baina foru aldundiaren propagandak bikoiztu egin du ehuneko hori, bertan sartuz, esate baterako, garraioa kudeatzen duten enpresei ordaindutako milioiak. Eta ez dute aipatu Gizartekintzako zerbitzu gehien-gehienak azpikontratatuta daudela eta, beraz, zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresak direla etekin gehiena lortzen dutenak.

Aurrekontuak, beste era batera irakur ditzakegu: esate baterako, Bizkaiko Foru Aldundiak 2008an Interbiak enpresari 217 milioi euro emango dizkio, Super Sur delakoa eraikitzen jarraitzeko. Bazterketaren aurkako programak (bertan sartuta onarrizko errenta) izango duen aurrekontua txikiagoa da, 187 milioi euro.

Iruzur fiskalaren aurkako neurriak hartzen ari direla esan dute baina ez, 2008an, Bizkaiko Foru Aldundiak 3.213 milioi euro gutxiago bilduko dituela, hau da, diru sarrera teorikoen %31 bidu gabe geratuko dela, «gastu fiskalak» direla-eta. Gero eta zerga gehiago «barkatzen» dizkie aberastasun eta errenta handienak dituztenei.

Inbertsioei begiratzen badiegu, guztira, 302 milioi euro dago, baina horien artean inbertsio sozialetan 23 milioi besterik ez dira erabiliko. Azken finean, irabazleak enpresa eraikitzaileak, hormigoiarekin eta porlanarekin lan egiten duten enpresak dira.

Euskaldunok irabazten al dugu Bizkaiko aurrekontuekin? Euskararen aldeko politikak, kultura, euskara, gazteria eta kirola nahaste-borrastea den arloan kokatuta daude. Guztira, arlo horretan 107 milioi inguru kudeatuko dira, baina horietatik 10 milioi euro dira euskarari loturikoak. Azkenean, gure hizkuntza sustatzeko 8 milioi besterik ez ditu erabiliko Foru Aldundiak. Baina ez daukate lotsarik BECi 12 milioi emateko edo museo ezberdinetarako 16 milioi erabiltzeko.

Zer esan gazteei buruz? Haientzako aisialdiko jarduerak bultzatzeko, 5 milioi euro! Bitartean, Bilboko Miribillan pilotalekua eta kirol etxea egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak 25 milioi emango dizkio beste enpresa «publiko» bati, Kirolgintza-ri.

Bizkaiko Foru Aldundiak Aukera Berdintasuna eta Genero politikak bultzatzeko 2 milioi euro eskainiko ditu. Diru horrekin argi dago ez dela posible genero ikuspegia foru aldundiko arlo guztietan txertatzea. Eta horrela gertatzen da Bizkaiko aurrekontuetan: arlo bakar batean agertzen da emakumeei zuzendutako politika bereziak bultzatzearen beharra, Enplegu eta Trebakuntza arloan. Horretaz gain, Gizartekintzan kokatu dituzte indarkeria sexistaren aurkako neurriak, berdintasun politikekin loturarik izan gabe. Menpekotasun Legea aplikatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak jarri duen diru banaketarekin emakumeak galtzaileak dira, hain zuzen, diru laguntza gehienak familia barruan egiten den zainketara bideratuta baitaude, eta oso ondo dakigu familian zainketen ardura emakumeei egokitzen zaiela. Berdintasunaren ordez, emakumeen rola sostengatuko dute aurrekontu horiek. Emakumeok aurrekontuekin irabazteko ezinbestekoa dugu diruz nahikoa hornituta egongo den arlo berezitua izatea.

Aurten ahaldun nagusiaren kabinetean programa berezia sortu dute: Hiritarren eskubideak eta lankidetza. Eta hiritarren eskubideei laguntza eskaintzeko zehaztu den diru kopurua 800 mila euro dira! Eta programa horren helburua jatorriaren eta sexu orientazioaren araberako bereizkeriaren kontrako politikak lantzea omen da.

Gure nekazariek ere ez dute asko irabaziko aurrekontu horiekin, ingurumen arloko neurriak hartzeko oso diru laguntza txikiak (676 mila euro) jaso baititira bertan. Eta Nekazaritzarako Laguntzen Planak 6,5 milioi euro besterik ez ditu. Erralde hiltegia bezalako proiektu sozialen ordez, proiektu erraldoiak bultzatuko dituzte.

Baina, orduan, nork irabazten du Bizkaiko aurrekontuekin? Errepideak, autobiak, herri lanak egiten dituzten enpresak dira gehien irabaziko dutenak, 500 milioi euro baino gehiago kudeatuko dituztenak. Gero eta diru gehiago desbideratzen da «publiko» deitzen dieten enpresei. Diru publikoa bai, baina inolako kontrol publikorik gabe.

Baina kargu publikoek ere ondo irabaziko dute: 81 konfiantzazko karguek, guztira, 6,3 milioi euro kobratuko dutenek. Bizkaiko ahaldun nagusiak oinarrizko errenta jasotzen duten 10 lagunek beste kobratzen du.

Berrikuntza arloan bultzatzen diren proiektu erraldoiak ere ondo finantzatuta daude, esate baterako, Automoziorako Adimen Zentroak 22,5 milioi euro izango ditu.

Eta azkenik, PSEk kudeatzen dituen udalek ere irabaziko dute Bizkaiko aurrekontuekin. Inolako lotsarik gabe, jeltzaleek eta sozialistek sinatu duten aurrekontu-akordioaren arabera, Sestaoko Udalak 35 milioi gehiago jasoko ditu, Barakaldokoak 18, Basauri eta Portugaletekoek zazpina milioi, eta Trapagarangoak hiru milioi. Ermuko saihesbidea egiteko, 95 milioi.

Bizkaiko aurrekontuekin ez dute pertsona guztiek irabaziko, ezta premia gehien dutenek ere. Ez, gutxi batzuk dira irabaziko dutenak. Bizkaitar gehienok bestelako aurrekontuak behar ditugu, lehenetsiko dutenak arazo sozialen benetako konponketa, Bizkaia orekatuagoa, berdeagoa eta sozialagoa bultzatuko dutenak. Eta horrexegatik ezezko borobila emango diegu Bizkaiko Batzar Nagusietan PNVk eta PSEk adosturiko aurrekontuei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo