Aritz SOUND SYSTEM Kazetari eta musika adiktoa
Urte berri, albiste zahar eta aldatu beharreko gauzak
Hernani bezalako herri batek inauteri jaietan SGAEri 2.100 euro ordaindu behar dizkio, eta inork ez daki oso ondo zergatik. Udalak, tabernek, kontzertu antolatzaileek, hedabideek eta abar, denok ordaindu behar dugu. SGAEk Estatuko egile guztien «eskubideengatik» jasotzen du dirua, nahiz eta horietako asko SGAEko bazkide ez izan (bazkideek soilik jasotzen dute «limosna»)
Kristauek inposatutako egutegiaren arabera, datorren urte «berriari» gauzak eskatzeko garaia omen da. Hausnartzeko denbora izan gabe, hedabideek gure arreta eskatu dute. 18/98 sasi epaiketaren epaia kaleratu da eta, azken mendeetan gertatu den bezala, Espainiako jauntxoen in-justiziak Euskal Herriaren alde (benetan) lan egiten duen oro zigortzen jarraitu du, jauntxo autonomikoen oniritziarekin. Babes eta elkartasun osoa epaituei. Abiadura osoan doaz albisteak. Kanon digitala dela eta, kopia egiteko balio duten euskarri guztiei zerga (zigor) berezia ezarriko zaie egiten diren legez kanpoko kopien ordainetan. Ez ote ginen ba errugabeak kontrakoa frogatzen ez den bitartean? Jendea zigortzeko erabiltzen diren frogak ikusita, egia esan, berdin dio legez errugabeak garen ala ez. Martxa honetan, jaiotzen den haur bakoitzeko bermea eskatuko zaie gurasoei, aurrerago haur horietako batek egin dezakeen delituaren kalte ordainetan. SGAEkoak oso «lanpetuta» dabiltza egile eskubideen «defentsan», baina urteetan ezer gutxi egin dute saltzen zen disko bakoitzeko disko horren egileek soilik %6a jasotzen zutenean (jasotzen bazuten, behintzat). Eta zer esan herriko festetan gertatzen denarekin. Hernani bezalako herri batek inauteri jaietan SGAEri 2.100 euro ordaindu behar dizkio, eta inork ez daki oso ondo zergatik. Inauterietan ekitaldiak antolatzen dituen herriko edozein taldek baino diru gehiago jasotzen du SGAEk. Udalak, tabernek, kontzertu antolatzaileek, hedabideek, eta abar, denok ordaindu behar dugu. SGAEk Estatuko egile guztien «eskubideengatik» jasotzen du dirua, nahiz eta horietako asko bertako bazkide ez izan (bazkideek soilik jasotzen dute «limosna» eta banaketarako irizpideak SGAEk erabakitzen ditu). Hau guztia ez da albisteetan azaldu, jakina. Hori bai, ETBko Teleberrian «kulturari» eskaintzen zaion mini tartean, Liza Minnelli antzezle eta abeslariari «eskaini» diote arreta. Albistearen arabera, mozkortuta atera zen agertokira eta bere irudi «penagarriak» erakutsi dituzte. Benetan penagarria dena albiste hori eta era horretan eskaini izana da. Nola liteke? Eta Donostiako alkatea eta Galdos diputatua irribarretsu Bruce Springsteen-en kontzerturako 300.000 euro jarriko dituztela esanez (diru publikoa, jakina). Sarrera merkeenak 61 eurotan. Urte berriari gauzak eskatu baino gauzak aldatu beharko dizkiogu. Behartuta gaude.