Woody Allenen klarineteak zabalduko du urte musikala
Bruce Springsteenek eta The Policek milaka lagun elkartuko dituzte udako zuzenekoetan. Alta, urte berriak doinu berriak ekarriko ditu gure oholtza handi zein txikietara. Guk artista batzuk nabarmendu eta hona ekarri ditugu, aurreikuspen txiki bat eginez. Asko eta asko dira, hala ere, oraindik guztiz itxita ez dauden zuzenekoak, Nick Cave australiarrarena, kasu.
Anartz BILBAO | BILBO
Nick Cave australiarraren Donostiako kontzertua oraindik airean eta hiriak udako izar handien lehian dabiltzala, talde eta bakarlari interesgarrien bisita jasoko dute gure oholtzek hastear dagoen 2008an ere.
Datorren asteazkenean, urtarrilak 2, Woody Allen izango da Kursaalen klarinetea jotzen, ohiko lagun dituen New Orleans Jazz Band taldeko musikariekin. Zinemagile txikiaren hiri beretik etorriko da New York Ska-Jazz Ensemble taldea ere. Bilbon sarri jo izan du taldeak eta urtarrilaren 2an Kafe Antzokian izango dira. Biharamunean, berriz, Arrasateko 3.60 aretoan joko dute. Urtarrilaren 4an, Bilboko Santana 27 aretoak Fangoria madrildarren elektropopa jasoko du eta Ramones taldeko Marky Ramone bateria-jotzaileak Kafe Antzokia zapalduko du, urtarrilaren 5ean. Astebete geroago, urtarrilaren 11n, Cockney Rejects punk taldea izango da Durangoko Plateruenan.
Hurbileko zuzenekoak utzi eta bota dezagun begirada bat urrutirago.
Musiketan zikloaren barruan, Elliot Murphyk eta Olivier Durandek ohiko bisita egingo digute urtarrilaren erdian, Leioan, Bilbon eta Galdakaon jotzeko. Gainera, Jeff Buckleyrekin «Grace» diskoan aritutako Gary Lucas gitarra-jotzailea eta Kate Rusby gaztea otsailean, Louisiana Red bluesmana eta Aki Takase japoniar piano-jotzailea martxoan, La Chicana argentinarrak eta Eleanor McEvoy irlandarra apirilean eta Steve Phillips & Brendan Croker eta Van Der Graaf Generator taldeko Peter Hammill maiatzean, uzta oparoa emango digu Musiketanek Bilboko Euskalduna jauregian. Oholtza bera zapalduko du Luz Casalek ere apirilaren 20an, minbizia gainditu ostean «Vida Tóxica» aurkezteko.
Metalari dagokionez, Barakaldoko RockStar aretoak Axxis, Helloween eta Gamma Rayren bisita jasoko du urtarrilaren 18an, eta Queens Of The Stone Agek oholtza berean joko du otsailaren 14an. Bergarako Jam aretoan, Obituary izango da urtarrilaren 19an eta martxoaren 1ean, Megadeth Bilboko Santana 27an.
Max Romeo reggae izar beteranoak Bilboko Kafe Antzokia berotuko du otsailaren 21ean. Areto berean, otsailaren 22 eta 23an, American Music Club eta Art Brut proposatu ditu Noise On Tour rock jaialdiak. Baita Marah eta Dwarves zoroak ere, aurreraxeago.
Donostiako Kursaalek Franco Battiatoren lan berria entzungo du maiatzaren 11n eta Marianne Faithfull dama beltzaren musika ekainaren 4an. Supertramp taldeko Roger Hodgsonek, berriz, pianoa joko du areto berean, ekainaren 29an.
Etxekoen artean, ohiko Hatortxurock Berriobeitin, urtarrilaren 12an. Plateruenan, Bidehuts gaua urtarrilaren 26an, Anari, Lisabo, Inoren Ero Ni eta Hotel taldeekin.
Nick Cave, airean
Nick Cave australiarraren zuzenekoa apirilerako lotzear zirenean, arazoren bat sortu eta egun kolokan dago batek baino gehiagok irrikaz itxaroten duen kontzertua. Antolatzaileak, antza, Donostian egitekoa zen kontzertua mantendu nahian dabiltza, toki egoki baten bila -artistak ez baitu aulkirik nahi, dirudienez-. Bilboko Kafe Antzokian egitekoa zen Drive By Truckers grinatsuen zuzenekoa ere atzeratu egin omen da, data berria oraindik ezagutzen ez bada ere.
Bukatzeko, musika izar handiak aipatu behar. Jakina denez, Bruce Springsteenek uztailaren 15ean joko du Anoetan, eta dagoeneko milaka dira saldutako sarrerak. Beste horrenbeste bi aste lehenago, uztailaren 4an, The Police Bilbao Live jaialdian ikusteko. Gainera, zurrumurruek R.E.M. edo The Cure bezalako taldeak jarri dituzte jaialdian, jendearen irrika eta txartelen salmenta areagotuz.