GARA > Idatzia > Ikusmira

Langraiz, balantze beltz bateko azken heriotza

Langraizko kartzelan igandean hilda aurkitu zuten emakumea izan da Euskal Herriko espetxeen balantze tristearen azken zoritxarreko protagonista. Langraizko kartzela, gainera, nabarmendu egin da balantze beltz horretan; bertako arazoak -suizidioak bereziki- saihesteko planak iragarrita bazeuden ere, azken urtean Salhaketak behin eta berriz hango bizi baldintza eskasak salatu behar izan ditu: kartzelako zikinkeriatik presoen osasun egoeraraino. Hala ere, emakume hori aurten espetxe horretan hil den hirugarren presoa da. Ustez bere buruaz beste egin zuen, baina horrela izanda ere, espetxe agintarien ohiko jokaera ezagututa, horrek ez ditu heriotzaren benetako kausak argitzen. Horrenbestez, ezinbestekoa da ikerketa sakona gertakari horren inguruan, areago aurreko zenbait kasuren inguruko ikerketetan iluntasuna nagusitu dela kontuan izanik. Ez da nahikoa horrelako heriotzak deitoratzea; ahal den neurrian aurrea hartu behar zaie, eta zeregin horretan espetxe erakundeek planak iragarri baino gehiago, askoz gehiago, egin beharko dute.

Emakume bat ziega baten bakardadean hil da, eta Gabon egun hauetan, publizitatea dela, edo dena dela, horrelako gertakari tristeen aurrean sentsibilizazio handiagoa dagoela ematen du. Gertakariok, ordea, urte osoan jazotzen dira, eta, zoritxarrez, urte osoan sentsibilizatuta eta adi egoteko moduko arazo larria dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo