DIONISIO AMUNDARAIN
Zenbait sentimendu gazi-gozo
Ez dut ikusten arrazoirik, Eguberri egunean ETB-2 piztu eta zergatik behartu behar nauten Espainiako erregearen zozokeria batzuk entzutera: «unidad, unidad» eta horrelakoez ari delarik. «Zozokeria batzuk» esan dut, baina ez dira benetan halako zozokeria. Oso ondo doakio hari «unidad» hori sustatzea, bere patrika, lehenaz gain, handitzen joateko.
Ez dut ikusten arrazoirik, gaurko (2007-12-26) komunikabideetan ikusi, entzun eta irakurri behar izateko, familiarteko bat bisitatzera doala hil den emakumearen istripu-heriotzari baino inportantzia handiagoa ematen diotela Balmasedako leherketari. Jakina, politikoei eta bidelagun dituzten komunikabideei bost axola emakume hori eta horrek islatzen duen arazoa: presoena eta presoen familiena eta adiskideena.
Ez dut ikusten arrazoirik, azken egun hauetan harrotu den arazoa: Euskadiko Selekzioa ala Euskal Herriko Selekzioa delakoak iskanbilarik sor dezan. Euskadi ente mental bat delako; Euskal Herria ere bai, euskal herri bihurtzen ez den bitartean. Halere, Euskal Herria dut (da) jomuga, helmuga, helburu. Euskadi-k, izatekotan ere, Euskal Herria izango du, izan beharko luke, oinarri. Dena den, itxura huts diren deiadar» handi-mandi horien ordez, nahiago nuke gure arteko («gure»ari «arteko» erantsi beharra, ez baititut «gure»tzat hartzen, ez behintzat «nire»tzat) kirol-taldeetan soinketa adina euskal trebatze egingo balitz.
Arrazoi handiz eta poz-pozik ikusiko nuke, ametsetako Euskal Herriari doazkion lauzpabost printzipio nagusietan bat egingo bagenu. Dena den, Zorionak eta Urte Berri gizatarragoa guztientzat.