OSKORRI
Santo Tomas eguneko «The Pub Ibiltaria»ren zuzenekoa jaso gabe
Santo Tomas egunean, zuzenean errejistratu behar zen «The Pub Ibiltaria» Bildumako 12. CDa, kontzertu bitarteko indar elektriko mozketa batzuek hondatu egin dute. Aurrekoetan bezala, aurten ere giro zoragarriarekin joan zen kontzertua. Jendetza ikaragarria bildu zen deialdira, haien musika instrumentuekin nahiz kantari. Behin eta berriro errepikatu ziren argindar mozketek ordenagailu grabatzailean gorderik zeuden informazio digitalak galarazi zituzten eta geroztik datuok berreskuratzeko egin diren ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira. Ekipoak etxe espezializatu batera bidali dituzte, baina grabazioak salbatzeko esperantza gutxi dago. Ziurrenik, CDa grabatzeko «The Pub Ibiltaria»ren kontzertua beste egun batean errepikatu beharko dute.