Bartzelonako Euskal Etxeak saria jaso du euskara bultzatzeagatik
GARA |
Eusko Ikaskuntzak antolatutako Euskararen Nazioarteko Eguna saria jaso zuen atzo Bartzelonako Euskal Etxeak.
1979an sortu zen erakunde hau Bartzelonan bizi ziren euskaldunak elkartu ahal izateko eta euskal kultura Katalunian ezagutzera emateko helburuz.
Ordutik, Euskal Etxeak Katalunian euskal kultura zabaltzeko makina bat ekitaldi antolatzen ditu urte osoan; hala nola, musika jaialdiak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, euskal jai nagusien ospakizunak, euskal instrumentuak, dantza tailerrak... eta lan horregatik jaso du Eusko Ikaskuntzaren saria.
Hasierako urteetan bazkide gutxi batzuk biltzen baziren ere, egun 350 bazkidetik gora ditu Bartzelonako Euskal Etxeak eta berebiziko pisua du Euskara Sailak. 2007-08 ikasturtean adibidez, 130 ikasle dituzte euskara eskoletan matrikulatuta. Mintzamena lantzeko talde bat ere badute.