Agurra
Mikel Unanue bere onena emanez agurtu da Beotibarren
Hamahiru tanto jokoan, gehienak airez, eta huts bakarra egin zituen omenaldi bero batean
Asier AIESTARAN | TOLOSA
Mikel Unanuek garaipen on batekin agurtu zituen bere zaleak Tolosako frontoian. 20 urtetan profesional izan ostean, atzo jantzi zuen gerrikoa azkenekoz eta agurreko partida 22 eta 18 irabazi zuen, Ruben Belokirekin bikotea osatuta, Koka eta Peñagarikanoren kontra. Gainera, erakustaldi aparta eskaini zuen aurreko koadroetan 13 tanto egin eta bakarra galduta. Ezkerrarekin airez jokatzen maisua izan da beti Añorgako pilotaria eta azken egunean ere eman zuen, nola ez, horren frogarik.
Izan ere, atzoko neurketa ikusita, Unanuek pilota profesionalean oraindik bere lekutxoa eduki zezakeela esan liteke. Kostako zaie atzetik datozenei gipuzkoarraren ezker gantxoen mailara iristea! Egia da, era berean, horretarako behar dituzten aukerak eta behar dituzten partidak eman behar zaizkiela. Kontuak kontu, Unanuek atzo ere dozena bat tanto ikusgarri amaitu zituen jendearen txalo artean.
Gorriak 5 eta 0 aurreratu ziren eta hortik aurrera markagailua alde izan zuten Unanuek eta Belokik. Rubenek ia gehienetan hartu zuen mendean Kepa Peñagarikano eta Unanuek bikain baliatu zituen bere aukerak. Juantxo Kokak ere egin zituen tanto aipagarri batzuk (7-3koa zabalean, 7-4koa ormabikoz edota 14-13koa ezker gantxoarekin) eta emaitza ere asko estutu zuten urdinek. Azken txanpan, ordea, Peñagarikanok behera egin zuen pixka bat eta gorriek agintzea lortu zuten berriz ere. Azkenean, 22 eta 18, Unanue eta Beloki garaile.
Agur esateko gogoz
«Rubenek sekulako partida jokatu du eta markagailuan beti aurretik ibili gara. Hasi aurretik neukan beldur bakarra partida txarra egitearena zen eta hori behintzat ez da gertatu. Hala ere, horrek ez du ezer aldatzen. Badaukat gogoa mundu hau uzteko eta gaur ere nabaritu dut hori. Gauzak ongi doazenean nire maila eman dezaket, baina defentsan gaizki pasatzen dut eta aurkariek asko sufriarazten didate», onartu zuen Añorgako aurrelariak norgehiagoka amaitutakoan.
Harmailetan ere, ez zitzaion laguntzarik falta izan Mikel Unanueri: «Mikel gutzako Pana, agur errematatzaile onena» eta «Mikel aurrean eta Orio arraunean» zioten bi pankarta erraldoi ipini zituzten. Aurpegi ezagun dezente ere gerturatu ziren Beotibarrera neurketa ikusteko: Igor Gabilondo futbolaria, Rafa Diez sindikalista, edota Aimar Olaizola, Oier Mendizabal, Jokin Argote eta Javi Oteiza pilotariak, beste askoren artean.
Unerik hunkigarrienak neurketa amaitu ondorengoak izan ziren, Unanueri omenaldi txiki bat prestatu baitzioten. Iñigo Salbideak, Asegarceren izenean, eta Ruben Belokik, pilotarien izenean, oroigarri bana eman zioten pilotariari. Horiek izan ziren txalotuenak, baina beste hainbat opari ere jaso zituen. Jaialdian parte hartu zuten gainontzeko pilotariak ere bertan izan ziren gipuzkoarrari agur esateko. Amaieran, bertsolarien txanda iritsi zen: Gaztelumendi anaiek -Beñat Gipuzkoako txapeldunorde izan berri da- bertso bana bota zuten Mikel Unanueren omenez.