GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri jasotzea Marka saiakera

Urkiolak jaso du 120 kiloko zilindroa

Kirolari bizkaitarrak bost kilotan ondu zuen aurreko errekorra, eta bera da kilorik gehien jaso dituen emakumezkoa

Jon LEUNDA | ZESTOA

Miren Urkiolak bete zuen bere helburua, eta 120 kiloko zilindroa bizkarrean berdintzea lortu zuen atzo Zestoan. Orain arte emakume batek jaso duen harririk handiena jaso zuen.

Jende asko batu zen atzo Zestoako pilotalekuan. Oso eserleku gutxi geratu ziren jaberik gabe, izan ere, bizkaitarraren marka saiakeraz gain, beste bi harri jasotzaile gaztek ere egin zituzten ahaleginak, baita Aranburuk sokasaltoan ere. Horiez gain, Mindegiak kanako enborra erdibitzen ere ezarri nahi zuen bere marka, eta azkenik Ostolatza eta Izeta ere aritu ziren harriak jasotzen. Ikuskizun handia, eta zaleek ez zuten hutsik egin, ikusteko gauza asko zegoen-eta.

Hala ere, Miren Urkiola zen atzoko protagonista nagusia. Urduri samar zegoen hasi aurretik, eta lanari ekin zionean ere nabaritu zitzaion. Bi harri erabili zituen berotzeko, eta beharrezko beroketak egin ostean, 120 kiloko harri zilindroa jarri zuen aurrean. Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari, baina ez zuen behar bezala berdintzerik lortu. Gerrira ekarri eta buelta eman zionean, behe samarrean geratu zitzaion, eta gero ez zuen behar bezala berdindu, eta epaileak jasoaldia ez zuen eman balekotzat.

Bost minutuko txanda zuen Mirenek, eta bazuen aukera beste ahalegina egiteko. Tarte batez atseden hartu, eta berriro ere harriari heldu zion. Harria gerrira ekarri zuen, buelta eman, eta hiru kolpetan berdindu zuen. Marka eginda zegoen, ordura arte emakume batek inoiz egin gabekoa egin zuen Miren Urkiolak.

Hala ere, etxean bi aldiz jasotzen zuela-eta, bi jasoaldi on eginda etxeratu nahi zuen eta horregatik, hirugarren ahalegina egin nahi izan zuen, eta horri ekin zion. Oraingoan ere bizkarreratzea lortu zuen, baina epaileak usteltzat jo zuen, eta azkenean jasoaldi on batekin konformatu behar izan zuen. Helburua beteta zegoen, ordea, Miren baita harririk handiena jaso duen emakumezkoa, eta zaleek ere ederki eskertu zuten ahalegin hori, egindakoak merezi baitzuen

Urduri

Miren Urkiola gustura zegoen, baina arantza txiki bat ere bazuen sartuta: «Etxean bi aldiz jasotzen nuen, eta gaur ere horixe egin nahi nuen, baina batekin konformatu behar izan dut. Hala ere, marka lortu dut, eta gustura nago, nahiz eta bi ez jasotzeak pena piska bat ematen didan», aitortu zuen bizkaitarrak. Hasi aurretik oso urduri zegoela onartu zuen, eta lehen jasoaldia horren ispilu izan zela onartu zuen: «Oso urduri plazaratu naiz, eta lehen jasoaldian ikusi da. Harria oso behean geratu zait, eta gero ezin izan dut behar bezala berdindu. Denbora banuen, konfiantza ere bai, eta azkenean bat jaso ahal izan dut, eta marka ere jarri ahal izan dut», onartu zuen Miren Urkiolak.

Behin balekoa jaso ostean, beste ahalegin bat ere egin nahi izan zuen, baina epaileak usteltzat jo zuen: «Ez dakit, jendeak esan dit oso justukoa izan dela, eta balekoa ere izan zitekeela, baina orain horrek ez du ezertarako balio. Epaileak usteltzat jo du, eta ez du balio, eta jasoaldi batekin konformatu beharko dut. Bi nahi nituen, baina horrela beharko du. Marka, behintzat eginda dago, eta ezin naiz kexatu», eman zuen aditzera.

Geroari begira jarrita, gauzak nahiko garbi agertu zituen: «Orain fresko nagoenez, eta sasoiko ere bai, une hau aprobetxatu nahi dugu. Orain entrenatzen jarraitu behar dut, eta hemendik bi edo hiru hilabetera, 125 kilokoaren bila joatea da asmoa. Hori da asmoa, baina horretarako ongi entrenatu behar naiz», esan zuen.

Amaitzeko zaleei ere eskerrak eman nahi izan zizkien: «Badira urte batzuk, hemen, egun honetan, marka saiakera egiten dudala, eta jendeak asko laguntzen dit beti. Gaur ere horrela izan da, eta hori eskertu nahi diet», esanda agurtu zen.

Otaegik eta Urdaxek ere lan bikaina egin dute

Urkiolaz gain, beste bi harri jasotzailek ere marka pertsonalak egin zituzten atzo Zestoan eta biak gainera, oso gazteak dira. Jagoba Otaegik, berriro ere marka latza egin zuen. 14 urteko mutiko horrek zazpi jasoaldi eman zizkion 100 kiloko kubikoari. Marka oso ona da duen adina kontuan hartuta, eta kubikoa bizkarreratzeko erakutsi zuen erraztasunak, txundituta utzi zituen zale asko.

Urdax Magunazelaia ere ez zen atzera geratu. 10 urteko mutikoak, 70 kiloko angeluzuzenari bi jasoaldi eman zizkion. Gero, 64 kiloko harri kubikoa bi aldiz berdindu zuen bizkarrean. Bai Aizarnakoak, bai Abadiñokoak, etorkizun handia dutela erakutsi zuten.

Julio Aranburuk ez zuen bere helburua bete

Julio Aranburu oriotarrak 3.000 salto egin zituen sokasaltoan. 14 minutu eta 26 segundotan zeukan aurreko marka, eta hori ondu nahi izan zuen atzo Zestoan, baina ez zuen lortu, hiru segundo gehiago behar izan zituen-eta atzoko ekinaldian.

Mindegiak ordu laurdenean bota zuen kanakoa

Miel Mindegia ere bazen atzoko saioan. Kanako enborra bota behar zuen, eta horretarako 15 minutu eta 8 segundo behar izan zituen. Urtarrilaren 6an lau moztuko ditu Donezteben.

Gazteen Urrezko Aizkora ere hastera doa

Gazteen Urrezko Aizkora datorren astelehenean hasiko da Asteasun. Bi multzotan arituko dira, eta bakoitzean hiru bikote izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo