Praileaitzen Lagunek bere jarrera zuzentzeko ausardia eskatu diote Lakuari
Praileaitzen Lagunek Debako kobazuloaren inguruan izan duen jarrera zuzendu, eta berriz azaltzeko «talentu eta aldartea» eduki ditzala eskatu diote Lakuako Gobernuari. Legebiltzarkide gehienek haitzulotik hurbil dagoen harrobiaren lanak gelditzeko eskatu zuten hilaren 14ko batzarrean, eta eskaera horrekin gustura azaldu da elkartea.
GARA | DONOSTIA
Haitzuloaren inguruan egiten ari den jarduera enpresariala behin-behinekoz gelditzeko eskatu dio berriki Gasteizko Legebiltzarrak Juan Jose Ibarretxeren gobernuari. PSE, EHAK, EA, EB eta Aralarreko kideak azaldu ziren eskaera horren alde abenduko 14ko bileran; EAJ eta PP, berriz, abstenitu egin ziren.
Praileaitzen Lagunek agerraldia egin zuten atzo, Kultura sailari orain artean erakutsi duen jarrera zuzentzeko ausardia izan dezala eskatzeko.
Koldobika Jauregi, Iñaki Epeldi, Fernando Larroquet eta Fito Fernandez aritu ziren elkartearen eledun, Donostian egin zuten agerraldian. Legebiltzarraren erabakia txalotu egin zuten, Jaurlaritzari haitzuloaren mendi hegal osoa babes dezala aholkatzen diolako, harrobiaren jarduera behin-behinekoz gelditzeko eta «etorkizunean antzeko kasuak ekiditeko arautegi berri bat» aldarrika dezala proposatzen diolako.
Kulturaren munduarekin harremana duten 800 bat lagunen ordezkariek jakinarazpena irakurri zuten. Testuan ziotenez, Kultura sailak kasu honek «merezi duen» sentsibilitate eta ardura guztiarekin erantzuten jakingo duela uste dute. Ziur daude, azkenean, Kultura sailburu Miren Azkaratek Praileaitz mendiaren malda babesteko behar rari ezingo diola uko egin. Izan ere, plataformak eskasa iritzi dio Lakuako Gobernuak ingurua babesteko onartu zuen dekretuari. Haitzuloa desagertzeak euskal gizarteari irain egiteaz gain, kultura txirotzea ere suposatuko luke, beren irudikoz. Kasu honi behar bezalako trataera emateko premia dagoela nabarmendu zuten, harrobiaren ekimenak malda jaten jarraitzen duelako leherketaz leherketa. Mendi hegalaren zati bakoitza suntsitzeak dakarren kalteak ez dauka atzerakorik, gogoratu zuten Praileaitzen Lagunek.
Bestalde, «Gipuzkoako Aldundiko egungo kultur arduradunak, Maria Jesus Aranburuk, egindako lana babestu» nahi izan dute, bere aurrekoek ez bezala, «kobazuloa babesteko sentsibilitatea agertu duelako. Gainera, ahalegin horretan Aranbururen jarduna «mugatuta egotea deitoratu zuten, Gipuzkoako Aldundiko talde berriaren ikuspuntua ezagutu aurretik Eusko Jaurlaritzak dekretua onartu zuelako».
Praileaitzen Lagunek «ez dutela inoiz inoren aurka egiteko asmorik izan» nabarmendu zuten, eta beste behin kobazuloa babes dadin «laguntzeko asmoa» berretsi zuten. Alde horretatik, gustura agertu ziren 300 ikerlari eta historialaritik gora, mundu mailan itzal handiko zenbait tarteko, kobazuloaren alde agertu direlako, eta babesa eskatzen duen dokumentua sinatu dutelako. Koba barruan gordetzen diren aberastasunen artean aipatzekoak: gutxi gorabehera 18.000 urte duten hormetako pinturak, forma geometrikodunak; duela 10.000 urteko bizileku bat; duela 15.500 urteko lepoko bilduma bikaina, eta emakume formako zintzilikario bat, historiaurreko venus baten itxurakoa.
Ikerlarien ustez, milaka urtetan sakratu izandako tokia izan daiteke Praileaitz, eta hori, Europa osoan aurrekaririk gabeko aurkikuntza liteke.
Ikerlariek pentsatzen dutenez, milaka urtetan sakratu izandako tokia izan daiteke Praileaitzeko kobazuloa, eta hori, Europa osoan aurrekaririk gabeko aurkikuntza garrantzitsua liteke.