BERRIA Koldo Nuñez 2007/12/26
Nuklearra? Ez nire izenean
(...) 2007an zientziari dagokionez garrantzitsuena izan dena aipatzeko tentazioa daukat. (...) Sterlac artista australiarrak besoan txertatu dioten hirugarren belarria erakutsi zuen Madrilen. Izatez, inplantea oraindik garatu egin behar da, baina susmoa dut etorkizunean bluetooth teknologiaren bitartez belarri horretatik entzun eta entzundakoa ordenagailu baten bidez emititu ahal izango duela. Starlec jaunak giza gorputza teknologian txertatzea proposatzen du. (...)
Science aldizkariak argitara 2007ko hamar aurrerapen handien zerrenda argitaratu zuen lehengo astean. Bertan ez zen sorpresa handirik, gehienek nahiko oihartzuna izan baitzuten hedabideetan. Berriro ere biologia eta, batez ere, genetika atera dira irabazle. (...) zortzigarrenean sintesiaren kimika berrian egindako aurrerapenak ditugu. Hauek, neurri handi batean, energia aurrezteko egiten ari diren ikerketekin dute lotura, batez ere, energia sortzeko prozesu garbiak garatzeko, energia sortzean klima aldatzen ari diren elementu kutsatzaile asko askatzen baitira.
Egia esan, klima aldaketaren inguruan aurten aldaketa sakona sumatu dut zientzian. Areago, bai mendebaldeko gizartearen baitan, bai politikoen artean, baita Nobel Sarietan ere, azkenik, badirudi klima aldaketaren inguruan inflexio puntu batean gaudela (...)
Lovelock izan zen duela 40 bat urte Lurra izaki bizidunaren ikuspuntu zientifikotik aztertu zuena. Berak argi azaldu zigun Lurrak, Gaiak alegia, nola hartzen duen arnasa, nola bizi den eta nola joan den eboluzionatzen milioika urtetan. Gaia hipotesiaren aurrerapen nagusia izan zen dena lotuta dagoela erakustea. Hortik dator klima aldaketaren izate modernoa, eta hortik guretzako arriskua. Eta arriskuak daudenean neurriak hartu behar dira. Lovelocken ustez, epe motzean gizakiak duen energia beharretarako fusio nuklearra da erantzuna, klima ez baitu aldatzen. Berak hori proposatzen du, eta, berak bezala, orain arte isilean zain egon diren putre askok. Baina fisio nuklearrak arazo bat konpondu eta mila sortzen ditu. Hortaz, Lovelock jauna, ez aurten, ez inoiz, energia nuklearrari ez. Ez nire izenean.