Iñigo Alkain Dominguez LAB-Mutualia atal sindikaleko delegatua
Sakabanaketak torturatu eta hil egiten du
Aurreko 22an Alfaron Unai Gonzalez Azua preso politikoaren -Gasteizko Mutualiako gure lankide eta enpresa batzordeko kide Ana Azuaren semea, hain zuzen- senideek hura bisitatzera zihoazela izan zuten istripu larria dela-eta, LABeko sekzio sindikaletik gure elkartasun eta samin handienak helarazi nahi dizkiegu Ana eta bere senideei bere amaginarrebakide Natiren galeraren aurrean.
Gure laguna eta bere senideak PSOEk eta PNVek 1987an sakabanaketa politikoaren bidez diseinatutako biolentziaren azken biktimak dira. Sakabanaketak presoak txikitzen ditu fisikoki eta politikoki, baina ez horiek bakarrik, baita haien inguruko senideak eta lagunak ere. Ostrukaren politika honekin jarraitzen duten alderdi politiko, sindikatu, gizarte eragile, hedabide, etab. salatu nahi ditugu, estatu frantses eta espainolaren biolentzia hiltzaile honen aurrean beste alde batera begiratzen dutelako.
LABetik honakoa exijitzen dugu eta horren alde jarraituko dugu borrokan: 1-Sakabanaketa desagertzea eta euskal preso politiko guztiak herriratzea. 2- Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten errepresaliatu guztiak askatzea. 3. Ezarritako zigorrak beteta dituzten euskal preso guztientzat baldintzarik gabeko askatasuna.
Halaber, elkartasunezko besarkada bat bidali nahi diegu gure lagun Ana Azua eta bere senideei momentu gogor hauetan. Jo ta ke irabazi arte!