GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Calabasaseko gizona

Garaiko kronikari euskaldunek esaten dute emakume hark ekarri ziola galbidea Leonisi. Gutxika-gutxika aldatu egin zela kanbotarra

Los Angeleserako bidean gindoazela, Calabasas herrian egin genuen geldialdia autobidearen ondoko jatetxe batean zerbait arina bazkaltzeko asmoz. Lehor-lehorra da Calabasas, landaretzarik ia ez dago, zuhaitz idorren bat edo beste ageri da han hemenka. Urak eta haizeak higatutako mendiak, horixe Calabasas. Duela gutxi Kalifornian izandako sutearen aztarnak ere ageri-agerian zeuden, belztuta zeuden-eta mendi magaletako batzuk. Grazia egiten zidan herriaren izenak, Calabasas, eta susmoa nuen bazela nor edo nor Calabasasekoa, norbait famatua ezagutzen nuela nik nolabait Calabasasi lotua. Idazle amerikarren bat izango ala politikariren bat, buruari bueltak eman eta eman, ezin asmaturik nenbilen.

Azkenean argitu zitzaidan burua. Calabasasekoa artzain euskaldun bat zen: Leonis. Leonis Kanbotik joan zen Kaliforniara artzain lan egitera, baina berehalaxe aldatu zuen lanbidea. Egia esan, lan latza izan behar zuen artzain izateak lur idor haietan. Zaila egiten da irudikatzea noizbait euskaldunak ibili zirela bertan ardiak zaintzen. Urte gutxiren buruan han inguruko lapurrik handiena bilakatu zen Leonis. Lur jabetzen agiriak lapurtu eta lur-jabe handi bilakatu zen, tranpa eta trikimailuen bitartez. Bi laguntzaile leial ere bazituen, hura bezala euskaldunak beraiek ere. Mexikarrez osatutako armada txiki bat ere bazuen izua zabaltzeko herritarren artean. Ikara sorrarazten zuen Leonisek ikusi orduko, eta haren gaiztakeriaren entzutea handitzeko beltzez jazten zen goitik behera.

Baina egun batean, maitemindu egin zen gizona. Orduantxe hasi omen ziren gauzak okertzen. Maitemindu eta ezkondu egin zen emakume indiar batekin. Emakumearen izena ere hala-halakoa zen, Espiritu. Garaiko kronikari euskaldunek esaten dute emakume hark ekarri ziola galbidea Leonisi. Gutxika-gutxika aldatu egin zela kanbotarra. Euskaldunekin harremana galtzen hasi zela, dagoeneko ez zela joaten aberkideen bilguneetara. Andrearekin egon nahi zuen soilik Leonisek. Lagun min eta laguntzaile izan zituen bi horiekin ere haserretu egin zen Leonis.

Heriotza ere bitxia izan zuen. Ez zen hil borrokan edo tiro batez, hasieran horrela pentsa badaiteke ere. Gurditik erorita hil zen Leonis, bideko istripu batean. Dena den, haren bizitzaren hondarreko egunak ez ziren samurrak izan. Sasoi batean lagunak zituen bi horiek gorroto zuten Leonis. Ez zioten barkatzen haiengandik aldentzea. Eta epaitegietara eraman zuten kanbotarra eta sos guztiak ere galdu zituen abokatuei ordaintzen. Garaiko Kaliforniako euskal prentsak ere jasotzen du horren berri zehatza. Abokatuek eskerrak eman ei zizkioten Leonisi burlatan.

Horrelaxe diote garaiko euskal kronikariek. Zer kalte ekarri zion Leonisi Espiritu izeneko emakume hark. Baina hori alde baten ikuspuntua da soilik, guganaino iritsi den bakarra.

Neuk, ordea, gustura entzungo nuke emakumearen bertsioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo