GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Urde txerri on!

Egutegi propioa egiteko ardura nirea izango balitz, abenduak 22 izango lituzke edo, hobeto, 21; horrela loteriak ez luke egunik izango, eta urtarrila 7an hasiko litzateke. Zin dagit. Eskerrak hori ez dela nire ardura, bestela saltoki handietako sindikatu abertzaleek ni gurutziltzatzeko asmoz bat egingo lukete, aspaldiko partez. Ez, ez dira nire gustuko egunak, bistan denez. Egunkaria bera hartu eta gogaitu antzera hasten naiz orriak pasatzen, bide-orri argirik ezean, munduarekin haserre edo. Berri batzuk zaharrak dira, abenduaren azken egunetan urtetik urtera errepikatzen diren horietarikoak. Aurrekontuak, kasuko. Azkenean ke-mutur zuria dario legebiltzarreko tximiniari, klimaren kalterako. Batek zioen legez, aurreikuspenak bete egiten dira kudeatzaileek horrela nahi dutelako. Beste berri batzuk, ostera, urte osokoak dira, iraunkorrak, Gabonetan aparteko ukitua hartzen badute ere. Dispertsioa, kasuko. Urteak daramatzagu Hator, hator kantatzen baina azkenean eurek nahi dituztenean ekartzen dituzte, batzuetan senideak berak gorpu ekarri ere. Errealitate luzeegiaren seinale esanguratsua, urtez urtekoa bera; hauxe bai iraunkorra, garapena baino askoz gehiago, jasangarria ez bada ere.

Euskal Herria orrietatik Ekonomia orrietara egin dut jauzia, bide-orririk gabekoa beti ere. Enpresaburuen elkartearen uste ustelean heltzear den urtean ere ekonomiak hazten jarraituko bide du; horiek ez dute aparteko bide-orririk behar, inertziak jota doaz, desazelerazioaren beldur ageri badira ere. Gora desazelerazio jatorra! Mugatu dezagun abiadura! Gora abiadura txikia! Ene, ene, ze sentimental paratu naizen urte amaiera ofizialean! Tira, harira. Hain gogaituta nago non iragarkiei ere erreparatzen diedan prentsan. Horra Bizkaiko Diputapenaren kanpaina, iruzur fiskalari STOP esatearena. Bai zera, stop esaten hasi eta bidea eman egiten amaitzen dira, bide emate horretan eskuinak lehentasuna duela primeran jakinda. Nazka eginda, Kirola orrietara egin dut jauzia, txandalik ez badut ere. Euskal Herriko Sezesioa!, irakurri dut begi kolpe batean. Baina ez, Selekzioa izan da. Zelan liteke kirol-selekzio bat ofiziala izatea berak ordezkatu Herria ofiziala ez denean? Ama, ama! Bai, ezkorra naukazu, 2008an ere izango, baina ezkor aktiboa. Eta kritikoa. Zinemarena ez, demontre! On egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo