GARA > Idatzia > Euskal Herria

Moscoso eta Chivite izango dira PSNren zerrendaburuak Parlamentu espainolerako

PSNk atzo erabaki zuen Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskunde zerrendetako buruak zein izango diren: Juan Moscoso eta Carlos Chivite, hurrenez hurren. Azken hori pozik zen «hautagaitza sendoak» osatu dituztelako, baina kritikarik entzun behar izan zuen.

GARA |

Herrialdeko Batzordeko ordezkarien %70en babesa eskuratu ondotik, Juan Moscoso eta Carlos Chivite izango dira lehenengo postuetan martxoaren 9ko hauteskundeetarako PSNk aurkeztuko dituen zerrendetan. Ezustekorik ez zen izan, eta biek izango dute aukera Parlamentu espainoleko aulkietan jarraitzeko. Izan ere, lehena diputatua izan baita Kongresuan amaitzear den legegintzaldian, eta alderdiko idazkari nagusiak ere tokia izan baitu Senatuan azken lau urte hauetan.

Iruñean elkartu zen Herrialdeko Batzordea -kideen erdia baino ez, ordea-, eta aldeko 72 boz lortu zituzten hautagaitzek. 26 ordezkarik aurkako botoa eman zuten eta lauk zuria.

Bilkura amaitu ondoren, Carlos Chivite pozik agertu zen emaitzarekin. Efe informazio agentziari egindako adierazpenetan, idazkari nagusiak esan zuen bi zerrendak «orekatuak eta sendoak» direla eta PSOEren «izpiritu irabazlea» islatzen dutela. Bere iritzian, datorren martxoaren 9ko «norgehiagoka nazionalean, abstentzioa da etsaia. Horrenbestez, arrakasta geure esku dago».

Zehazki, Chivitek gaineratu zuen PSOEri dagokiola litekeen abstentzio handi horren joera iraultzea: «Egin duguna azal-tzea dagokigu, eta herritarrak mobilizatzea».

Herrialdeko Batzordean «parte hartze handia» izan zela nabarmendu zuen, «zein egunetan gauden kontuan hartzen baldin badugu», eta bera eta Moscoso buru dituzten zerrendek jasotako babes kopuruari garrantzia eman zion, «bozketa sekretua» izan zela gogorarazita.

Alabaina, Batzordeko beste kide batzuk ez ziren hain gustura. Izan ere, Eferi agertu ziotenez, alderdiko zuzendaritzak aurkeztutako eta atzo onartutako hautagaitzek «indar eta pisu eskasa» dute. Eta ondoko kritika hau ere egin zieten: «Ez dituzte, inondik inora ere, PSNko sektore ezberdinak batzen».

Moscosorekin batera, Diputatuen Kongresurako osatutako zerrendan daude honako hauek: Lizarrako alkate ohi Maria Jose Fernandez Aguerri, Nafarroako Eskola Kontseiluko presidente ohi Guillermo Herrero Mate, alderdiko zuzendaritzako kide eta Kirol arloko buru Berta Miranda Ordobas eta Tuteran zinegotzi izandako Jose Angel Andres Gutierrez.

Senatukoan, Faltzesko PSNren idazkari nagusi Alicia Echeverria Jaime eta Azagrako alkate ohi Basilio Sanchez Lasheras izango ditu lagun Chivitek.

kritikoak

PSNren barruan oraindik ez dira gauzak lasaitu. Herrialdeko Batzordeko kide batzuek desadostasuna agertu zuten hautagaitzekiko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo