Okupazio Mugimenduak aldarrikapenari eta Erriberako etxeari eusten die Bilbon
GARA |
Bilboko Okupazioaren aldeko Mugimenduak Erribera kaleko etxean segitzen zuen atzo. Goizean, manifestazioa egin zuten hiriburuaren erdiguneko kaleetan barna, festa giroan okupazioa aldarrikatzeko. 400 bat lagun bildu ziren Plaza Biribilean, eta handik Moyua Plazaraino joan ziren Orkrestra taldeak girotu zuen kalejira animatuan (lehenago Elektrotuna taldea zena). «Okupazioa delitua bada, gora delinkuentzia!» aditu ahal izan zen manifestazioan, etxebizitza eskubidearen aldarria zigortu egiten dela salatuz.
Handik, Erribera kalean, Arriaga Antzokiaren atzealdean, joan den ostiralean okupatutako etxearen aitzinean bildu ziren, etxeko balkoitik egin ziren adierazpenak aditzeko. Bitartean hainbat lagun teilatura igo ziren eta handik goitik, modu ikusgarrian okupazioaren aldeko ikurrak astindu zituzten. Aldarrikapen horren helburu nagusia hainbat instituziok, eta bereziki, Bilboko Udalak, lantzen duen etxebizitza politika salatzea da. Interes pribatuen mesedetan egindako jaduera izanik, gazteak etxebizitza eskubidea urratua dutenez, irtenbidea beren kontu bilatzera bultzatuta daudela jakinarazi zuen Mugimenduak.
«Hasi besterik ez da egin»
Horixe egin dute Erriberako etxean. Ostiralean 40 lagun sartu ziren, eta horietako batzuk bertan bizitzeko asmoa dute. Hau lehen ekimena izanik, hemendik aitzinera ere Bilbon dauden gainerako etxebizitza hutsei erabilera emateko asmoa adierazi zuten gazteek: «Etxebizitza hutsak dauden bitartean, okupatzen jarraituko dugu».