Bi atxilotu Leioan eta Pasaian emakumeen kontrako indarkeriagatik
GARA |
Atzo eta herenegun bi gizonezko atxilotu zituzten Bizkaian eta Gipuzkoan, emakumeen kontra egindako erasoak leporatuta. Ostiral arratsaldean, Pasaiako etxebizitza batean gizonezko batek bere bikote ohiaren semeari zaplazteko pare bat eman omen zizkion, eta emakumeari heriotza mehatxuak zuzendu zizkion. Gertaera horiek salatu zituen emakumeak, eta Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen. Banatzeko bidean omen ziren gizon-emakumeak.
Getxoko Erromo auzoan, berriz, ostiral gauean, bikote baten arteko eztabaidan, gizonezkoak emakumea jo, eta elkarrekin bizi ziren etxebizitzan preso utzi omen zuen. Emakumeak ihes egitea lortu, eta gertaera salatu zuen. Ordu batzuen buruan, Ertzaintzak Leioan atxilotu zuen gizonezkoa, salatuta- ko erasoaren egile izatea leporatuta.
28 urteko gizonezkoa atzo 4.45ean atxilotu zuten. Emakumeak salatu zuenez, ez zen lehen aldia eraso egin eta heriotza mehatxuak zuzentzen zizkiona.