R&Raren indarrari aurre egin behar urtea ondo amaitzeko
Neven Spahijak, aspaldiko partez, jokalari guztiak jokatzeko moduan edukiko ditu, eta denen beharra izango du sailkapeneko lehenari irabazteko
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
R&R aren indarrak sailkapeneko lehen postura eraman duen Aito Garcia Renesesen DKV Joventuten bisitarekin amaituko da pozez eta desilusioz betetako 2007. urte hau Baskoniarentzat. Ricky Rubio eta Rudy Fernandez harrobiko jokalarien eskutik, Badalonakoak ACBko talderik ikusgarriena dira eta min hartutako jokalariak sendatu eta talde osoa jokatzeko moduan dutela, Penyaren joko bizia gelditzen saiatuko dira Spahijarenak, eta bide batez, Kopan zerrenda buru izateko aukerei eutsiko diete.
Sevillan arimarik gabeko aurkari bat egokitu zitzaien parean, eta aise atera zuten bertako partida, baina gaur arratsaldean oso bestelako kontrakoa izango dute parean Spahijarenek. Aitoren eskutik, Joventut, ACBko talderik baloratuena da, jaurtiketa libreetan, erreboteetan, galdutako baloietan eta lapurtutakoetan erakusten ditu emaitzarik onenak.
Joko bolada onean dator gainera talde kataluniarra, ostegunean sekulako astindua eman baitzion Unicajari, Ricky Rubio, Rudy Fernnadez eta Hernandez Sonsecaren partida bikainaren ostean. Hiruren artean 100 puntuko balorazioa gainditu zuten andaluziarren aurka.
Partida zaila izango dela ondo dakiten arren, Baskoniak ez du erraz amore emango, eta baditu itxaropenerako arrazoiak ere. Estatistikei erreparatuta, elkarren aurka jokatutako hamar partidak gasteiztarren aldekoak izango dira, eta 1999ko apirilaren 3tik ez dute badalonakoek Gasteizen irabazi.Hori bai, aurtengo denboraldian, kataluniarrek partida bakarra galdu dute etxetik kanpo, Gran Canariaren aurka 75-69.
Bi taldeak oso fisikoak diren arren, partidaren kontrola nork ezarri izango da gaur arratsaldeko norgehiagokaren giltzetako bat. Baskoniak defentsan izango du partida aurrera ateratzeko aukera. 80 puntutik gora jasotzen dituen partidetan arazo asko izaten ditu garaipena erdiesteko eta kataluniarrak, aldiz, oso eroso sentitzen dira partida bizi eta markagailuak 90 puntu inguruan mugitzen direnean. Partida geldi eta jabetza luzeekin, aldiz, askoz ere arazo gehiago izaten dituzte.