ZIKLOKROS Zerbait gehiago
Ruiz de Larrinagak Yus menderatu du Itsasondon
Bulletvan-Spiuk taldekoak seigarren garaipena erdietsi zuen 20 egunetan eta sasoiko helduko da gaur Euskal Herriko Txapelketara Bermeon
GARA | ITSASONDO
Gaur Bermeoko Euskal Herriko Txapelketaren lehia aurrekoa eman zuten atzo Javier Ruiz de Larrinagak eta Unai Yusek Itsasondon. Zuiakoak irabazi zuen eta seigarren garaipena erdietsi zuen 20 egunetan.
Ibilbidea leundu zuen antolakuntzak, eta oso azkarra izan zen; beraz, Ruiz de Larrinaga eta Yus ezin hobeto moldatu ziren lokatz gabeko zelaian, errepideko txirrindulariak izan baitira. Hain zuzen, Caisse d'Epargne taldeko Aitor Perezek -2008. urtean Extremaduran arituko da- eta Agritubeleko Mikel Gaztañak parte hartu zuten.
Hortaz, Ruiz de Larrinagak eta Yusek, Zuberorekin eta Izagirrerekin batera alde egin zuten hasieratik eta erritmoa bizitu zuten bi gasteiztarrek buruan bakarrik gelditu arte.
Ruiz de Larrinaga onenak ematen ari da; bost garaipen lortuditu azken asteetan: Ermua (abenduaren 8an), Ormaiztegi (9an), Zeberio (16an), Solares (22an) eta Elorrio (23an). Berriz ere, nagusitu zen azken bi itzulietan eta Yus atzean utzi zuen.
Gaur, ordea, bi arabarrek Seco izango dute aurrez aurre Bermeon. Busturriarra ez zen atzo lehiatu indarrak pilatzeko eta gaur dena emateko.