GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Bilboko giroa

Askatasunaren lehortea amets eta anaitasunaren olatuz zipriztindua

Areatza, Bilboko Arriaga antzokiaren ondoan, txiki geratu zen atzo. Jai giroan hasi zena, askatasun lehortea zipriztindu zuen anaitasun olatu itzel bilakatu zen. Bilbo, egun batez bederen, Euskal Herria eta Kataluniaren ametsen hiriburu bilakatu zen; gaurko nahien bozgorailua, etorkizunaren isla.

p006_f01_250x164.jpg

Arnaitz GORRITI

Badira erraz ahazten diren egunak, grisak eta egunerokotasunak gain hartzen dutenak. Horietan, erreibindikazio oro, lehor, mutu, kamuts geratzen da; errealitate gordinaren aurrean biluzik eta txiki. Badira, ostera, egun gogoangarriak, itzelak, egun dirdiratsu eta hezeak, zeintzuetan gizabanako guztiek astiro, bat egiten duten mezu baten, ideia baten eta antsia berberaren atzean; zeintzuetan ur tanta bat olatu bilakatzen den eta uhinak dena zipriztintzen. Sekula ahaztuko ez diren egunak, Bilboko atzokoa legez.

Txiki gelditu zen Areatza. Oso txiki. Ñimiño. Edo akaso jendea izan zitekeen kolektibo itzel. Jende asko, ahots gehiago, amets bat: Nazio Bat, Selekzio Bat. Hiriburu bat: Bilbo.

Euria ari zuen goizeko 11.00etan eta Areatzaren inguruan. Aput bat, nahikoa ESAITen karparen estalpera jendea hurreratzeko. Gurasoak barra-barra beren seme-alabekin, Pirritx eta Porrotxen saioa ikusteko. Eguna luzea da eta helduek berandura arte izango dute oraindik berotzeko astirik.

Pailazoak, ordea, ez zeuden pailazokeriatarako. Ez behintzat ikusleen aurrean. Magia, abestiak, marrubizko musuak eta ilargira joan eta bueltako maitasunak. Denak Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna, «Katxiporreta!», aldarrikatuz eta ESAITen pankarta erakutsiz.

Haurrentzat? Haurrentzat eta askoz gehiago. Euskaldunentzat? Bai, baina ez soilik. Kataluniatik sei mila inguru azaldu ziren Bilbora eta Areatzean aurreneko mementotik nabarmena izan zen beren presentzia, pailazoen saioaz dantza ere egin baitzuten. Olatuaren aurreneko zipriztinak iristen ari ziren.

Erakustaldiak

Berez, eguerdiko ekintzarik garrantzitsuena Euskal Herriko selekzioko jokalariek eskaini behar zuten, beren sinadurak eta presentzia eskaintzen azaldu behar baitziren.

Baina ez ziren azaldu. ESAITeko kide Ritxi Mendiguren eta Ixiar Arratibelek adierazi zutenez «entrenamendua berandu amaitu dute eta kontzentraturik egon behar dute. Hala ere, jaialdiarekiko atxikipena erabatekoa dutenez, partidaren ostean azalduko dira».

Jokalaririk gabe, giroak behera egiteko arriskua zuen. Bai zera! Aimar Irigoien eta Miren Urkiola harri-jasotzaileek eta Euskal Herriko Kenpo Kai eta Wushu-Kung Fu-Tai Txi taldeak jende oldearen harridura eta arreta bereganatu zuen. Bestetik, Ataungo talogileak, sagardoak, txahal errearen keak, atmosfera berezia sortzen zuen Areatzean.

Gero eta jende gehiago hurbiltzen ari zen eguerdiko 13.30etik aurrera; bazkaltzera edo bazkalduta, Euskal Herriko orotariko hedabideak eta baita Kataluniakoak ere. ESAITen denda eta taberna jendeak hartuta zegoen eta jaialdia, nahiz eta bertsolari eta trikitilariak falta, giroa sobera zegoen.

Inprobisazioa eta erreibindikazioa, kantua eta dantza jendearen artean; anaitasuna eta festa, elkar ezagutzen ez zuten lagun zaharrak. Senyerak eta ikurrinak bat eginda. Kaosaren erdian arrakasta eta selekzioen ofizialtasunaz gain, askatasuna buru eta bihotzetik eztarrira eta airera zeramatenak.

Bilboko Alde Zaharra pil-pilean zegoen arratsalde erdirako, lepo beteta, eta, oraindik egun erdiaren faltan, Areatzean eskaten hasia zen.

Gozategiren kontzertua berandu hasi zen, 15.20 inguruan. Jaialdiaren antolakuntzak lan handia egin zuen, baina jendea erruz zebilen. 16.30ak arteko bidea motza egin zen. Nahi izanez gero, Gozategirekin dantza egitea zegoen. Beste talde batzuek, korroak egin eta «Els Segadors» abesten zuten, «Visca Terra Lliure» esanaz amaieran. Euskaldunek «Independentzia!» oihukatzen zuten.

17.30ean, manifestazioa hasi behar zen La Casillan eta kalean gora jendea tantaka hasieran, apurka, trumilka azkenik, euskaldunak eta kataluniarrak elkartuta, abiatu ziren. Eta abiatutako moduan itzuli: guztiak samaldan, ofizialtasuna eta independentziaren alde oihu eginez. Festa arrakastatsua izaten ari zen ordurako, baina haratago joan behar zuen egunak, nekez ahaztuko baita atzokoa.

Tximeleta taldearen kontzertua hurrena eta San Mamesko Euskal Herria eta Kataluniaren arteko futbol partida. San Mames jendez mukuru zegoen, baita Areatzeko karpa ere, talde bien jokoaz eta, batez ere, ofizialtasunaren aldeko egunik berezienaz gozatuz.

Partida amaitu zen, baina festak artean irauten zuen. Betagarri eta Tximeletaren kontzertuaz amaitu zen jaia, baina gauak oraindik luze joko zuen. Askatasun lehorteak amets eta anaitasun olatuak zipriztindu zuen, ofizialtasunaren aldeko inoizko jairik ikusgarrienean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo