GARA > Idatzia > Herri-kirolak

harri jasotzea Marka saiakera

Perurena II.ak lortu du 290 kilokoa bizkarrean berdintzea

23 urteko leitzarrak 17 segundo behar izan zituen harria jasotzeko, eta une honetan beste hiru dira berak baino kilo gehiago jaso dituztenak

Jon LEUNDA | ASTEASU

Inaxio Perurenak ere bete zuen bere helburua, eta 17 segundotan berdindu zuen 290 kiloko harri angeluzuzena, herenegun Asteasun egin zuen saiakeran. Jendetza handia batu zen bertako pilotalekuan, 500 ikusle inguruk bete egin baitzituzten bertako harmailak.

Urrezko Aizkorako bi ekinaldi ere egin ziren bertan, eta saioaren erdialdean egin zuen leitzarrak bere ahalegina. Betiko moduan, bere aita, Iñaki, izan zuen alboan. Marka egiteko harriari heldu aurretik, beste bi harri altxatu zituen berotzeko, eta horiei bina jasoaldi eman zizkien. Berotzen hasteko, 195 kiloko zilindroa izan zuen, eta gero 220 kiloko angeluzuzena. Bakoitzari bi jasoaldi emanda, 290 kilokoari heltzeko prest agertu zen 23 urteko gaztea. Bost minutu zituen aurrean helburua bete ahal izateko.

Epaileak txistua jo bezain laster heldu zion harriari. Gerrira ekarri, han buelta eman, hiru kolpe, eta bizkarrean berdindu zuen. Epaileak balekoa eman zuen, eta helburua beteta zegoen. Marka eginda zegoen eta 17 segundo behar izan zituen horretarako.

Nahi bezala, ez

«Marka balekoa izan da, eta horrek balioko du, eta helburua beteta dago», esan zuen kirolari leitzarrak. Kanpotik begiratuta oso jasoaldi ona izan zela ematen zuen, baina bere ustez hobeto ere egin omen zezakeen: «Egia esan, kanpotik oso jasoaldi ona emango zuen, baina etxean bezala ez dut egin. Gerrira oso ongi ekarri dut, abiadura handia eman diot, eta hor buelta eman eta hiru kolpetan ongi berdindu dut. Etxean, ordea, berdindu eta eutsi egiten nion gainean, baina hori ez dut gaur lortu. Alde batetik gustura nago, marka egin dudalako, baina zerbait hobeto ere egin nezakeela uste dut», esan zuen.

Marka lortu izanak pisu handia kendu ziola ere onartu zuen: «Denbora asko neraman hau itxaroten, eta orain marka egin dudanez, pisu handia kendu dut gainetik. Bi hilabete baneramatzan hau prestatzen, eta oso urduri plazaratu naiz, izan ere, denbora guzti honetako lana segundo gutxi batzuetan erabakitzen baita, baina azkenean dena ongi joan da», eman zuen aditzera Inaxiok.

Une honetan, hiru harri jasotzaile bakarrik daude bera baino kilo gehiago bizkarreratu dituztenak. Horrek, ordea, bera ez du batere arduratzen: «Ezin zara horri begira egon. Ez naiz aurretik zein ditudan, eta haiek pisu hau zenbat urterekin jaso zuten begira jarri, bestela burutik egin bainintekeen. Hemen bakoitzak berea egin behar du, besteei begiratu gabe», onartu zuen.

Hurrengo helburuak ere garbi dauzka Inaxiok: «Esku bakarrarekin hor daukat 220 kilokoa altxatzeko, eta litekeena da horrekin ahalegintzea hurrena», esanda agurtu zen Perurena II.a.

Leitzarrak egindako markaren ostean, hiru bakarrik dira berak baino kilo gehiago jaso dutenak. Kilorik gehien altxatu duen harri jasotzailea Saralegi da, izan ere, 329 kilokoa jasota baitauka berak. Hurrena, Iñaki Perurena da, Inaxioren aita, 320 kilo jaso zituena eta, hirugarrena, berriz, Gibitegi, 300 kilo jasota. Inaxio laugarren dago, 290 kilokoa altxatu duenean.

Perurena II.ak 23 urte besterik ez ditu oraindik, eta ibilbide luzea du aurrean, okerrik ez bada, behintzat. Saralegik, esaterako, 290 kilo 23 urterekin jaso zuen. Beraz, haren bidetik doa, nahiz eta horrek zerikusirik ez duen. Herenegun arratsaldean, behintzat, oso itxura ona eman zuen, eta zaleak gustura geratu ziren.

Urte amaiera oparoa egin dute harri jasotzaileek

Urte bukaera ezin hobea harri jasotzea gustuko duenarentzat. Orain dela hilabete, Goenatxo hasi zen, eta 213ko beruna jaso. Gero, Aimar Irigoinek jarraitu zion, 152ko kubikoarekin, eta 175ko bolarekin. Pasa den asteazkenean, Miren Urkiola, Jagoba Otaegi eta Urdax aritu ziren, eta atzo Perurena gaztea. Amaiera bikaina. Ia denak gazteak dira, oso, eta kirol honek etorkizuna segurtatuta dauka, beraz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo