Aizkora Urrezko lehiaketa
Arriak eta Peñagarikanok erraz lortu dute beren multzoko lehen postua
J.L. | ASTEASU
Arria V.ak eta Peñagarikanok ez zuten ezustekoetarako tarterik utzi, eta erraz lortu zuten beren multzoko lehen postua, baita final laurdenak jokatzeko txartela ere. Multzo honetan sailkatutako beste aizkolariak Arrospide eta Aierbe II.a dira, eta Txapartegi eta Etxebeste dira kanporatutakoak.
Beizamakoak eta Errezilgoak saioko proba guztiak irabazi zituzten, guztietan alde dezentea lortuta, eta amaieran bi minutu eta erdiko aldea egin zuten. Peñagarikano eta Arria bikoa da lehiaketa hau irabazteko faboritoetako bat, eta atzo erakutsitakoak baieztatu egin du hori.
Beizamakoa eta Errezilgoa indartsu hasi ziren, eta kolpekakoan, bederatziko tartea egin zuten. Erlojuz kontrakoarekin alde hori handitu egin zuten, eta saio erdian, jadanik, minutu erditik gorako aldea eginda zuten.
Hala ere, diferentziarik handienak hortik amaierara bitartean egon ziren. Laugarren proban minutu erdiko aldea lortu zuten, eta hortxe geratu zen dena erabakita, ez baitzen ikusten Aizarnakoak eta Igeldokoak hori gainditzeko gai izango zirenik; eta halaxe izan zen.
Lan guztiak burutzeko, Peñagarikanok eta Arria V.ak 21 minutu eta lau segundo behar izan zituzten, eta Etxebestek eta Txapartegik, aldiz, 23 minutu eta 46 segundo behar izan zitzuten.
Gazteen Urrezko Aizkora ere atzo jarri zen abian, eta Alkizalete II.ak eta Mugertza III.ak irabazi zuten atzo Asteasun bertan. 16.03 izan zen beraien denbora, eta 18 minutu eta sei segundo behar izan zituzten, bestetik, Jauregik eta Flores II.ak