GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Aiora Filarmendi eta Edurne Larrañaga Euskal Herriak Bere Eskola-ko kideak

EAErako curriculum dekretua: legea, tranpa

Espainiar Estatuko curriculuma erreferentziatzat harturik, dekretu berria kaleratu du. Argi adierazi behar dugu EAEko Gobernuak Estatuak ahalbidetzen dion curriculumaren %45 besterik ez duela moldatu

Euskal Herri osorako euskal curriculuma vs Espainian abiapuntua duen EAErako Curriculum Dekretua. Horra hor bi egitasmoen bereizlerik argiena. Bi egitasmoen ezberdintasuna neurtzeko aldagaiak ugariak dira, nahiz eta espainiar curriculumaren aldekoek errealitate hau desitxuratu eta ukatu.

Bi egitasmo ezberdin dira. EAErako Curriculum Dekretuak Espainiako Gorteetan adosturiko LOE legea du oinarri. Espainian %55 zehazten da eta «lurralde autonomiko historikoek» %45 euren errealitatearen arabera definitzeko eskumena dute, beti ere Espainiaren barnean artikulaturiko lurralde gisa. Hezkuntza Sistema Nazionala izateko euskaldunok dugun eskubidea ukatzen digun Konstituzio espainarraren balioak barneratzera behartzen ditu 6-16 urte bitarteko euskal ikasleak. Ez hori bakarrik. Euskal herritarron hezkuntza eskubideak urratzen dituen Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntzaren legea ere gure herriaren funtsezko jakintza-gai bilakatzen baititu. Prehistoriaz hitz egiten denean, espainiar Estatuaz mintzo da, nahiz eta guztiok dakigun estatu modernoen eraikuntza ez zela zenbait mende geroagora arte gauzatuko. Espainiarrek euren nazio estrategia muturrera eraman dute eta Espainia munduaren erdigunean kokatu dute, historia bera manipulatuz.

Tamalgarria da, ordea, euren burua abertzaletzat jotzen duten alderdiek historia hori kopiatu eta Euskal Herriaren berezko historia ezkutatu nahi izatea. Kasu honetan, kopiatu dutena espainiar curriculuma izan da, Euskal Herria desitxuratuz. EAEko Gobernuak, espainiar legediak zehazturiko epeak betez eta espainiar Estatuko curriculuma erreferentziatzat harturik, dekretu berria kaleratu berri du. Argi eta garbi adierazi behar dugu EAEko Gobernuak Estatuak ahalbidetzen dion curriculumaren %45 besterik ez duela moldatu, gainerakoa Terueleko edo Zaragozako ikastetxeetan aurki genezakenaren berbera da. Beraz, ez da euskal curriculuma.

Hala ere, EAEko Hezkuntza Sailetik euren burua abertzaletzat jotzen duten alderdiek badituzte trikimailuak egindakoa justifikatzeko (justifikazioak beti dakar atzetik egindakoaren zama astuna askatu nahi izana; zerbaitek lotsarazten ditu: ausardia eta borondate zintzoaren faltak?).

Izan ere, EAEko Curriculum Dekretuan helburuak soilik omen dira derrigorrezkoak, edukiak orientatiboak dira (LOE espainiar Legean oinarrituriko edukiak, dena esan beharra baitago hemen). Orduan, nola uler daiteke berritzeguneetatik irakasleei egunotan zuzentzen ari diren Curriculum Dekretuaren prestakuntza ikastaroetan edukien gaineko lanketa egitea? Gainera, Curriculum Dekretuan euskara ardatz hizkuntza dela azpimarratzen da, beraz, nola da posible prestakuntza ikastaro horietako batzuk espainol hutsean izatea, eta euskara irakasgai legez soilik landu? Horra hor koska. Edo, espainolez esaten den bezala, «quien hace la ley hace la trampa».

Eusko Jaurlaritzak «euskal curriculum» hitzak bahitu egin ditu. Egia da EAEko Curriculum Dekretuari Euskal Herriko hainbat eragilek ekarpena egin diola (EAEko ikasleek jaso dezaketen heziketaz arduraturik), eta egia ere bada euskal curriculumaren (Euskal Herri osorako bitarteko pedagogikoa izango dena) definizio fasean EAEko Hezkuntza Sailak parte hartu zuela. Baina, egia ere bada EAEko curriculum dekretua egin behar zenean EAEko Hezkuntza Saila egitasmotik atera, eta bide propio bati ekin ziola: Espainiari loturiko curriculum dekretua egiteko bidea. Bide horretan, zenbait pauso eman ditu:

Bat. EAEko hainbat eragilerekin elkarlanean egon da, ondoren Euskal Herri osoko babes soziala jaso dutela saltzeko.

Bi. «euskal curriculum» izena jarri dio, euskal jendartean dagoen aldarrikapena isilarazteko.

Hiru. PP edo PSOE alderdi espainolekin enfrentamendua irudikatzen ari da, Curriculum Dekretuaren izaera abertzalea dela antzezteko. Azken eszenifikazioa EAEko eta Nafarroako Gobernu bozeramaileen arteko eztabaida dialektikoa izan da.

Bide horren amaieran ez dago Euskal Herriak behar eta nahi duen euskal curriculuma, bidearen helmuga, beste behin ere, iruzurra! Berriro ere, «quien hace la ley, hace la trampa».

Euskal curriculuma Euskal Herria abiapuntu eta helburu duen egitasmo nazionala da, munduarekin elkarlanean jarduten duena. Euskal Herri osoko ikastetxe, eragile, herritar eta instituzioen parte hartze zabalarekin sortuko dena. Balio normatiborik ez badu ere, balio pedagogiko eta babes sozial handikoa. Euskal curriculuma bi fasetan sortzen ari da Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, Sortzen-Ikasbatuazek eta Udalbiltzak 2003an hitzarmena adostu zutenetik. Lehenengoa definizio fasea da, non egitasmoaren oinarri teoriko eta filosofikoak ezartzen diren (aurtengo ikasturtean fase honen amaiera aurreikusten da). Bigarren fasea aplikazioarena da. Bide hau Nazio Eztabaida Gunetik ari da garatzen eta Euskal Herri osoan euskal curriculuma aplikatzeko nazio estrategia batean datza. Beraz, sortu, sortuko da eta aplikatu, aplikatuko dugu.

Azken hitzak Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari zuzendu nahiko genizkioke. Miren Azkarate anderea, ez da nahikoa San Migeleko erromerian «Euskal Herria» hitzak, askorentzat esanahirik gabekoak, ohitura handiko kantuetan abestea. Euskal Herriak badu esanahia, Euskal Herria bada eta izango da. Folklore hutsetik haratago, Euskal Herria eraiki egin behar da, gure herriak biziraun dezan ezinbestekoa da belaunaldiz belaunaldi gureak diren ezagutza, balio eta jakintzak transmititu eta berritzea. Miren Azkarate anderea: «geroari esaion olatuetan, herri zaharrak ez direla itzaltzen, gure haurrek biharko ikastetxeetan haien izenak abestu ditzaten...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo