Administrazioek otsoaren arazoari hel diezaioten, jarduna eten du Agoralak
Arabako latxa arrazako ardiak genetikoki hobetzeko asmoz sortutako elkarteak, Agoralak, jarduna eten duela jakinarazi du. Erabaki horrekin administrazioak presionatu nahi ditu otsoen arazoari aurre egin diezaioten. Izan ere, 2007an 102 eraso egin zituzten probintzian.
GARA |
Arabako Agorala elkartea orain dela 26 urte sortu zen latxa arrazako ardi aziendak genetikoki hobetzeko asmoz. Lanak fruituak eman ditu, abeltzainen eta teknikarien ahalegin etengabeari esker arraza honek ekoizten duen esnea hobetu delako, bai kalitateari dagokionez eta baita kantitateari dagokionez ere. Hala, azkeneko produktua ere hobetzea lortu dute: Idiazabal gazta.
Agoralako abeltzainek, ordea, bilera egin zuten joan den abenduaren 28an, eta bertan elkartearen jarduna etetea erabaki zuten, otsoek etengabe erasotzen baitituzte beren aziendak eta «administrazioek ez baitiote arazoari aurre egiten». Argitu dutenez, neurri horrekin presioa egin nahi diete administrazioei, jakin badakiten arren erabakiak abeltzainei berei eragiten diela gehien.
Agintari politikoei eskutitzak bidali dizkiete, bai Lakuako Gobernukoei eta baita Aldundikoei ere, afera konpontzeko zerbait egin dezaten.
«Ezinezkoa zaigu lan egitea»
Elkarteko bozeramaileek azaldu dutenez, ezinezkoa zaie abeltzaintza estentsiboan lan egitea otsoen presentzia dela-eta. Ez hori bakarrik: ez dute etorkizunerako inongo konponbiderik ikusten. 2007an orotara 102 eraso egin dituzte animalia horiek Araban, eta urteko azken lau hilabeteetan ugaritu egin dira ardien kontrako erasoak. Agoralako kideek ohartarazi dute arazoa larriagotzen ari dela, eta horren frogatzat jarri dituzte datuak: 2006an 78 eraso izan ziren, 2007an baino 24 gehiago, hain zuzen ere.
1982tik latxa arraza genetikoki hobetzeko lanean diharduen elkarteko lagunek jakinarazi dute sektoreak eskaera bakarra duela: «Arabako Lurralde Historikoa otsorik gabeko gunea izatea exijitu du, duintasunez lan egin eta bizi ahal izateko».
Beste leku batzuetan ere antzeko egoera dutela kontatu dute Agoralan bildutako abeltzainek, eta Asturias, Zamora eta Salamanca jarri dituzte adibide modura. Arazoa konpontzea borondate politiko kontua dela erran diete abeltzainek arduradun politikoei. Gainera, administrazioek iruzur egin dietela ere jakinarazi diete.
Azkenik, Arabako latxa arrazako ardi azienden elkarteak, Agoralak, adierazi du emaitzak ikustean helduko diola berriz ere lanari. Izan ere, «artzainek ez baitute dagoeneko promesa soiletan sinesten».
Agoralako langileek jakinarazi dutenez, denetara 102 eraso egin zituzten otsoek joan den urtean Arabako ardien kontra. 2006an baino %31 gehiago.