Foruzaingoa, istiluak eragotzi beharrean, sortzen
Arbizuko bizilagunei urte berriaren etorrera ospatzea zapuztu nahi izan zien Foruzaingoak, baita neurri batean lortu ere, bi lagun atxilotu eta beste hainbat zauritu baitzituen. Gertakarien zergatia probokazio hitzak baino ezin du azaldu, eta ulergarriak dira bizilagunen ezintasuna eta protesta, ulergarria eta logikoa Udalak haiekin bat egitea. Herri nafar hartako herritarren erantzuna berehalakoa eta jendetsua izan zen, kalean. Baina ez foruzainen gustukoa, nonbait. Izan ere, bi egun geroago berriro ere herrira agertu ziren bizilagunak indentifikatu eta galdekatzera, bakea zegoen tokira ezinegona eta larderia eramanik.
Frankismoaren ondoren sortutako poliziak, ustez aurreko garaiko indarrekin loturarik ez dutenak, benetan herritarren zerbitzura egogo zirela espero zuten askok, herritarren arazoak konpontzen eta istiluak saihesten laguntzeko, alegia. Nafarroako Foruzaingoak, ordea, Arbizun -eta lehenago beste zenbait lekutan- kontrakoa erakutsi du, hain justu, izan duen jokaerarekin: sarritan poliziak berak sorrarazten dituela arazoak, bera dela istilu-iturri. Nolanahi ere, hala gertatzen da Polizia kontrolpean dutenek hala gerta dadin nahi dutelako. Kontrolpean izateaz gain, beren interes politikoen zerbitzura erabiltzen baitute. Eta hori da benetako arazoa.