GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea

Kanonak

Hauxe beren silogismoa: hiriburuetako trafiko arazoa autoek sortzen dute, autoak pertsonalak dira, beraz, erabiltzaileek sortzen dute arazoa, hortaz, horiexek ordaindu behar dute. Trafiko arazoak ez ei dauka zerikusirik administrazioek bultzatzutako politikekin

Kanon ezberdinak daude: edertasun kanona, proportzioetan oinarrituta; kanon polifonikoak, adibidez Pachelbelena; Kanon argazki makinak... Zoritxarrez bestelakoak dira gehien entzuten direnak. Kanonak modan daude. SGAE diru gosetia, 300 milioi euro batzen dituena, kaparrada ederra ematen dabil azkenaldion are diru gehiago edonondik harrapatzeko: CDetatik, MP4etatik... edonondik. Gaiak luze joko du eta beste baterako utzi beharko.

Orain beste kanon bat gura dute txisteratik atera: hirietara autoz sartzeko. Euskal Herrian hiririk balego, hori beharbada Bilbo izango litzateke. Halere, Londres, Paris edo Mexiko DFren alboan, herri txikitxoa besterik ez da. Trafiko arazoa daukan herri txikia, bai, baina konparaziorik ere ez daukana. Hauxe beren silogismoa: hiriburuetako trafiko arazoa autoek sortzen dute, autoak pertsonalak dira, beraz, erabiltzen dituzten pertsonek sortzen dute arazoa, hortaz, horiexek ordaindu behar dute. Ez erabili autoa eta ez duzu pagatu behar izango. Trafiko arazoak ez ei dauka zerikusirik administrazioek bultzatzen duten lurralde egituraketa, lan edota kontsumo eskemarekin. Denda txikietan erosteko propaganda kanpainak egiten dituzte eta, bitartean, azpitik eta isilean, merkataritza zentro handiak jartzeko erraztasun guztiak ematen dituzte. Horixe da eredua, zentro handia non denetarik egin ahal duzun. Batez ere dirua gastatu, dendetan, supermerkatuan, zinean eta umeentzako entretenimenduetan. Hori bai, autoz joan behar «por cortesía de sus multinacionales favoritas».

Lantokiak ere gero eta zentralizatuago daude. Amaitu zen jendeak bizilekutik hurre lan egiten zuen sasoia. Orain, hirian bertan bizi ez bazara, erraz egin ditzakezu 30 edo 50 km. egunean joateko, eta beste horrenbeste bueltatzeko. Ez da harritzekoa, zerbitzu herri bihurtu gura gaituzte eta. Hirugarren sektorea handituz doa, alabaina, nekazaritza eta arrantza ia-ia desagerturik daude eta industria apal dabi. Gure herriaren egituraketa ekonomikoa desitxuratzen ari dira, eta horrek ere arrazoi sakonak ditu.

Horrela izanda, garraio «publikoa» erabiltzeko esaten digute. Baina, adi, «garraio kolektiboa» daukagu, eta ez «publikoa». Enpresa pribatuen esku kasu batzuetan, eta beste batzuetan enpresa pribatuei esleituta, herritarron beharretara barik, dirua egitera daude oso-osorik dedikatuta. Nik neuk, egunero, 60 km. joan, eta 60 km. bueltan egiten ditut. Maiztasun urriak, zerbitzu eskasak, konbinazio gutxi eta prezio altuak. Eta, hala ere, ez dut autobusa egun batean ere hutsik ikusi; behin baino gehiagotan zutunik joan behar izan gara.

Beraz, jende asko autoz dator hiriburura lanera, baina behin helduta, ez dago non utzi: Bilbora sartzen baduzu TAO ordaindu behar, ez baduzu sartu gura, Etxebarriko aparkalekuan tokia harrapatzeko arin ibili behar zara eta, gainera, hori ere ordaindu behar. Zorte apur batekin Boluetan.

Mugiarazten gaituzte, benetan gaitz ipintzen digute mugitu ahal izateko eta, gainera, kanon bat pagatu beharko dugu. Betikook eta betiko moduan. Beste zerga zuzen bat, hau da, denok berdin ordaindu beharko duguna: diru berbera alkatearen lagunek eta 1.000 eurora heltzen ez direnek. Horrelaxe banatzen da gure tarta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo