GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA Lagunen arteko aurkezpen beroa

«A las ocho en el Bule»ren harrera dela-eta, «flipatzen» jarraitzen du Xabier Silveirak

Silveirari beharbada gustatuko ez zaion arren, fenomeno bat dela esatera ausartuko da kazetaria, eta fenomeno izaera hori kutsatu dio «A las ocho en el Bule»ri. Nobela lortzen ari den harrera dela-eta, oraindik «flipatzen» jarraitzen duela aitortu zuen lesakarrak Bukowskin eginiko aurkezpenean.

p049_f01_148x120.jpg

Donostiako Egia auzoko Bukowski tabernan antolatutakoak lagunen arteko aurkezpena behar zuen, baina, bildu zen jende kopurua ikusita, hori baino zerbait gehiago ere izan zen. Horra kale-borroka ardatz duen «A las ocho en el Bule» nobela lortzen ari den harrera beroaren beste adibide bat.

«Salmentak primeran doaz -aitortu zion Xabier Silveirak berak kazetariari barra ondoan, garagardo bat eskuan, aurkezpenari ekin baino minutu batzuk lehentxeago-. Aurreneko edizioa, 2.000 alekoa, Durangoko Azokan bertan bukatu zen; bigarrena, berriz, 1.700 alekoa, bukatzear dago, eta dagoeneko edizio berri bat enkargatu dute Txalapartakoek».

«Flipatuta» jarraitzen du lesakarrak, baina, batez ere, pozik eta harro dago. Bere hitzetan nolabaiteko mendeku gogoa ere sumatzen da: «Nik seigarren maila errepikatu nuen; zeinek sinistuko zuen orduan liburu bat eta, gainera, liburu arrakastatsu bat idazteko gauza izango nintzela? `¡Que se jodan!'».

The Clash bandakoak horman itsatsiriko argazki batetik begira zituela eta Bukowskiko bozgorailuetatik Mikel Laboaren kanta bat entzuten ari zela, igo zen oholtzara Silveira aurkezpena egiteko. Kontraesana da lesakarrak bere-berea duen ezaugarri bat, eta nobela hitz lauz eta espainolez idatzi badu ere, aurkezpena, berriz, bertsoz eta euskaraz egin zuen. Langintza horretan Jokin Uranga izan zuen lagun.

Ederki zirikatu zuen azpeitiarrak: «Han eta hemen dabil/ saldu eta saldu,/ eta jaungoikoa aipatu du,/ hark ere erosi al du?».

«Saldu ta saldu omen nabil ni,/ joder, ta saldu beharko,/ hala ere saldu dudana ez da/ zuregatikan izango», erantzun zion Xabier Silveirak.

Orduan, Urangak: «Zure liburu horrek bazuen/ piperra eta metraila,/ Azpeitin ere ulertu da-ta/ ez zen hain erdara zaila».

Bazekien, bai, Xabier Silveirari nondik egin eraso. Izan ere, nabari da gai horrekin arantza bat sartuta daukala lesakarrak. Bukowskin, kazetariak galdetu behar izan gabe ere, horren inguruan interneten-eta sustatu den eztabaida aipatu zuen.

Baina Egiako tabernan eginiko aurkezpen ekitaldian lagun giroa zen nagusi, jakina, eta, gainera, Jokin Urangak berehala leundu zuen ziria: «Nahiz eta Azpeitin kastellanoan izan berez itsusia/ zure inguru hortatik bazuen herriak zer ikasia/ eta flipatzen ipini duzu ia-ia herri guztia/ Xabier Silveira plaza deitzen da orain plaza nagusia».

Aurkezpen «formala» eginda zegoen; hala ere, festak iraun zuen bitartean, bertsolariak behin baino gehiagotan igo ziren oholtzara, hamar bat minutuko saioak egiteko.

Jarraipenaren gidoia prest

«A las ocho en el Bule» nobelak bukaera oso irekia duela kontuan izanik, kazetariak zuzen-zuzenean galdetu zion Xabier Silveirari ea jarraipena izango duen. «Dagoeneko prest daukat bigarren nobela baten gidoia, baina ikusi beharko», erantzun zuen lesakarrak, espantu handirik gabe.

Oraingoz, «A las ocho en el Bule»ren arrakastaz gozatu nahi du. Benetan serio hartu ditu promozio lanak. Herriz herri dabil lesakarra, tabernetan-eta kartelak ipintzen. Seguru asko Bukowskikoaren gisako festa gehiago ere antolatuko du, baina oraindik ez daki ez non, ez noiz.

Kazetariak Bukowskitik alde egin zuenean, festak jarraitzen zuen. Une horretan Barricadaren «No hay tregua» entzun zitekeen bozgorailuetatik.

Martin ANSO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo