GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ETA-ri elkarrizketa

«Euskal Herriko Estatuaren proiektuan guztiok lekua dugula sinesten dugu»

GARA

Negoziazio prozesuaren amaieratik hona egoera politikoan eman den bilakaera nola baloratzen duzue?

Euskal Herriak, Espainiako Estatuaren hormarekin eta bortizkeriarekin topo egiten jarraitzen du etengabe. Pasa den negoziaketa prozesuan gertatu moduan, Espainiako Konstituzioa eta gure herriari egiten zaion ukazioa da bidean aurkitzen dugun horma.

Espainiako Estatuak ez du benetako trantsizio demokratikorik burutu eta Zapaterok berriz, Gonzalez eta Aznarren bide berbera hartu du. Aukera paregabea galdu du, gobernatzen duen Estatu faxista eraldatzeko. Euskal Herriari nahi duen bidea egiten uzteko.

Hori izan zen negoziaketa prozesuan konprobatu ahal izan genuena. Helburu okerrekin etorri ziren eta ez zuen errekorridorik izan. Honen ondotik eta behin eta berriz aldarrikatu duten moduan, errepresioan oinarrituriko politikarekin jarraitzeko apustua egin dute beste behin ere.

Euskal Herriari dagozkion eskubideak errespetatu ditzaten pausoak eman beharrean, konpondu behar dituzten diktatura urte luzeetako mekanismoak desaktibatu eta benetako Espainiako Estatuaren demokratizaziorako urratsak eman beharrean, aitzineko errezetetara jo dute. Eta argi izan behar dute Espainiako Estatuak ez duela benetako izaera demokratikoa lortuko, ezta ere egonkortasunik eta bakerik izango, Euskal Herriari dagozkion nazio eskubideak aitortu ezean. Zapaterok hautu bat egin du, hautu oker bat, honek urte luzeetako gatazka iragartzen duelako Espainiako Estatuaren aldetik.

Bestetik, euskal burgesiaren ordezkari den PNVk traizio berri bat egin dio gure herriari. Prozesuan zehar argi utzi zuen PNVk PSOErekin eskuz esku joateko hautua egin zuela. Gaur, bide horretan sakontzen ari dela diogu. Ipar-orratza 2009ko baskongadetako hauteskundeak irabazi eta beraien boterea mantentzean jarri dute.

Zein da ETAren azterketa Ipar Euskal Herrirako autonomiaren aldarrikapenaren garapenari buruz?

Aldarrikapen horren garapenaz egin behar dugun balorazioa positiboa da ezinbestean. Ezker abertzaleak Euskal Herriari aurkeztu dion alternatiba berritu hori, egoera politikoaren heldutasunak eta askapen borrokaren garapenak berak eskatzen zuen urrats gisa ikusten dugu.

Gainera, jendartearen gehiengo zabal batek eskumen eta botere mailak Euskal Herriari itzuliko dizkion errekonozimendu politiko eta instituzionala aldarrikatzen ditu. Parisetik datorren kolonizazioaren eta zapalkuntzaren aurrean gure herriak ezinbestekoa baitu botere eremu horiek eskuratzea, gure herriaren biziraupena jokoan dagoenean. Horren adibide argia dugu bertako sektore ekonomikoen artean, besteak beste, oinarrizko egitura instituzional horren beharra aldarrikatzen ari dela Euskal Herriaren etorkizun ekonomikoa ziurtatzeko tresna baliagarri gisa.

Pauetik eta Parisetik herritarren borondatearen aurka hartzen ari diren neurriek gure herriak marko autonomiko propio bat eraikitzeko duen beharra agerian uzten digute. Berriki onartu duten A-63 autobideak eragingo dituen kalteak horixe erakusten digute. Euskal herritarren aldarrikapenak bilduko dituen autonomia markoa behar du gure herriak, euskararen ofizialtasuna barneratuko duena, lurralde antolaketa mailan, ekonomia mailan...

Ezker abertzaleak proposatzen duen hiru herrialdetarako autonomia markoak lehen orube bat zehazten du Euskal Herriko Estatuaren sorrerarantz. Hori da gure hautua. Aitzitik, PNB eta ABko sektore batzuk bezala aspalditik noraezean murgildurik dabiltzanak, beren perspektiba politikoa eta, ondorioz, Euskal Herriaren etorkizuna Frantziako Estatuaren logikan ulertzen eta kokatzen jarraitzen dute. Bide itsu horrek basque-français izatera kondenatzen gaitu, edo batzuek dioten bezala «basque en France» eta «français en Pays Basque». Eta hor Euskal Herriak ez du etorkizunik.

Alderantziz, zentzu oso positiboan baloratzen dugu ikuspegi politiko ezberdinetan aritu diren sektore abertzaleen artean Euskal Herriko Estatuaren sorrera defendatuz gertatzen ari den topatzea. Iraganeko zauriak itxi dira, eta horrek gorpuzten ari den borroka prozesuari atzeraezina izateko oinarriak finkatzen dizkio.

Euskal Herrirako Estatu baten beharra aldarrikatzen ari zarete. Zer nolako zentzua ematen diozue aldarrikapen horri bizi dugun egoera politikoan?

Ez da aldarrikapen soil bat. Euskal Herrian urte luzeetan eman den erresistentzia iraultzailearen helburu izan da, eta da, Euskal Herriko Estatuaren sorrera. Independentzia errealitate egingo duen opzioa dugu. Kide eta borrokalari askok eman dute beren bizia gure herriaren defentsan eta gaur aldarrikatzen dugun honen defentsan.

Zein beste aukera geratzen zaio ba Euskal Herriari? Espainia edota Frantzia barnean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Mariano Rajoyk edo Nicolas Sarkozyk beraien estatuak kudeatzeko irizten dioten politikaren barnean gure herria hara eta hona ikustea? Errealitate hau profitatuz, PNV bezalako alderdiak, negozioak egin eta beraien ondasunak bikoizten ikustea?

Herri honek bere garapena izateko eskubidea du. Europa barnean beste adibide batzuk ditugu, Eskozia, Kosovo... beraz ez gara utopiaz hitz egiten ari. Herri batek bere biziraupena ziurtatzeko egituratu egin behar du. Gure herria ere testuinguru horretan kokatzen dugu. Burujabe, Estatu propio baten jabe.

Prozesu graduala izango dela badakigu. Faseka garatu beharreko proiektua da, errealitate ezberdinak bizi ditugu Frantziako Estatuaren eta Espainiako Estatuaren jazarpen politikaren barnean. Lehenik Euskal Herriaren aitorpena, autodeterminazio eskubidearen onarpena eta marko demokratiko bat lortzetik pasa beharko dugu. Behin urrats horiek emanda, herri honi Independentziarako aukera irekiko dion Euskal Herriko Estatuaren sorrerarako bidea egingo genuke.

Eta ez dugu zalantza izpirik Euskal Herriko gehiengo zabal batek Euskal Herriko Estatuaren proiektuarekin bat egiten duela, zergatik? Euskaldunak garelako, euskal herritarrak garelako eta horrexegatik gure herriaren jabe izateko nahia eta beharra dugulako. Ez dugu gure herrian beste edonork goberna dezan ulertzen, ez dugu lotsarik, duintasun eta harrotasun osoz aldarrikatzen dugu gainera. Euskal Herriko Estatuaren proiektuan guztiok lekua dugula sinesten dugu.

Nola baloratzen duzue Nicolas Sarkozy buru duen Frantziako Estatuaren jarrera eta jarduna Euskal Herriarekiko?

Frantziako Estatuak ongi jaso du ezker abertzalearen autonomia politikoaren proposamenak eta abertzaleen arteko topatze horrek askapen prozesuari ematen dion indarra. Horren aurrean Sarkozyren gobernuaren erantzuna errepresioa indartzea izaten ari da, azken hilabeteetako atxiloketa eta errepresioaren areagotzeak erakusten digun bezala.

Garazin gertaturiko operazioen bidez, adibidez, borroka bide hori moztu eta ezker abertzaleari mehatxua egin nahi diote. Espainiako gobernuak egiten duen akats berberean ari dira Frantziako agintariak.

- ETA-ren ERANTZUNA ESTATU ESPAINOLAREN ETA FRANTSESAREN OFENSIBARI -

Aurreikusten al zenuten errepresioan gertatzen ari den tamainako ofentsiba bat Espainiako gobernuaren aldetik?

Argi dago, eta aurretiaz aipatu izan dugun moduan Espainiako gobernuak «kontzesio politikorik» egin behar izango ez zukeen prozesu bat jarri zuela abian. Etengabe entzuten genituen, «hortik ez gara pasako», «konstituzioa ez da aldatuko» eta abarrak. Erakundearen ustezko osasun ahula baloratu zuten eta benetako prozesu batean murgildu gabe, Erakundearen amaiera ekarriko zukeen lerro batean sartu ziren. Egun bizi dugun hau, errepresioa-errepresioa eta errepresioa, da beraien kalkulu horien ondorengo urratsa eta kapitulua. ETA eta ezker abertzalearen aurkako errepresio polizial eta judizial basati bat aurrera eramanez etorkizunean «negoziaketa tekniko» bateranzko bidea egin nahi dute. Euskal Herriko Estatu bat egitearen beharra eta nahia, errezeta hutsal horiekin sendatu nahiko balute bezala. Harrigarria egiten zaigu, urte luzetako borrokaren esperientzia izanik, oraindik orain gatazkaren soluziobidea nola eta nondik pasatzen den argi ez izatea.

Azken hilabeteetan atxiloketa asko gertatu dira eta Espainiako Gobernuaren ahotan sarri aipatzen da ETAren derrota polizialaren aukera. Zer erantzuten diozue horri?

Gatazkaren irakurketaren logika polizial bati erantzuten dio horrek. Baina ETAk ez ditu inoiz gatazkaren parametroak zentzu militarrean ulertu; ez dago derrota militar posiblerik, gatazkaren erroak politikoak direlako. Euskal herritarren borondatearen aurkako garaipen polizial posiblerik ez dago. Inork ez du geldituko Euskal Herriko Estatua sortzeko herri honen borondatea. Euskal Herriaren duintasuna zalantzan jarri nahi duten bakoitzean gure borrokarako erabakitasuna indartu besterik ez da egiten.

Ildo horretan, hemendik dei egiten diogu herriari Espainia eta Frantziako Estatuen zapalkuntza eta harrokeriaren aurrean oldartzeko, berreraikuntza lanak biderkatu eta borrokan antolatzeko. Nazio askapen prozesuak ez du atzerabiderik.

Abenduko agirian, «euskal militanteen aurkako Estatu terrorismoaren saiakeren aurrean» ETAk erantzun egingo zuela esan zenuten. Zer eman nahi zenuten aditzera zehazki?

Abenduan argitara eman genuen agirian azaldu genuen bezala, Espainiako indar armatuen hainbat mugimendu sumatzen aritu gara azken urte honetan. Erakundeak Espainiako gobernuarekin irekitako negoziaketa prozesuan zehar jakinaren gainean jarri genituen, Estatu terrorismoari aurre egingo geniola eta egiten ari ziren maniobra horiek lehenbailehen gelditu behar zituztela. Oso presente dugu Espainiako Estatuak bere ibilbidean zehar Estatu terrorismoa erabili duela eta erabiltzen ari dela. GAL garaiak Alfredo Perez Rubalcabaren eta Felipe Gonzalezen agintaldian pairatu genituen eta gaur berberak edota beraien oinordekoak ditugu Espainiako Estatuaren gidaritzan.

Esanguratsua izan da Erakundearen salaketa hori estaltzeko egin duten ahalegina. Haatik, Perez Rubalcaba ministroak aizkorak sugeari burua moztu diola egindako aipamenarekin, GALen zigilua erakutsi zigun hitzez, euskal borrokalarien aurkako mehatxutzat. Horrek biluzten du ezin argiago Espainiako gobernuko agintarien pentsamendua eta estrategiaren zentzua: tresna guztiak erabiltzeko prest dira Euskal Herriaren independentziara doan bidea geratzeko asmoz.

ETAk ez du Estatu terrorista baten guda zikinerako maniobrak edota indar polizialen presioa pasatzen uzteko intentziorik. Euskal gudarien edota herritarren ehizan dabiltzan errepresio aparatuen aurka egingo dugu.

Eta Balmasedan PSOEren egoitza baten aurkako ekintza egin berri duzue.

Dei egiten diegu PSOEko militanteei galde egin diezaioten Rubalcaba ministroari, Zapatero beren presidenteari, edota Ares bezalako faxistei, noraino iristeko prest dauden beren praktika errepresiboetan. Euskal herritarrak guardia zibilaren kasernetan basaki torturatzen ari dira, poltsa eta bainera egiten, bortxatuz. Euskal herritarrak sakabanaketa politikaren ondorioz errepideetan hiltzera zigortzen ari dira. Militante independentistak ehunka urtetako espetxe zigorrera kondenatuak izaten ari dira. PSOEko militanteek hausnarketa burutu beharko lukete egoera horiek guztiongan dituzten ondorioei buruz.

- INDAR POLITIKO GUZTIAK ESPAINIAKO HAUTESKUNDEEI BEGIRA -

Indar politiko guztiak Espainiako hauteskundeei begira jarrita daude jadanik. Nola kokatzen dituzue hauteskunde horiek bizi dugun testuinguru politikoan?

Lehenik eta behin esan, gure ikuspegitik hauteskunde horiek Espainiako Estatuak bizi duen egiturazko krisiaren testuinguruan kokatu behar direla. Krisi horri zein irtenbide eman, krisi horren oinarrian dagoen Euskal Herriaren borrokari nola aurre egin dago, PSOEren eta PPren arteko leiaren zentroan.

PSOE, ezker abertzalea eta Erakundearen aurka PPk egindakoak baino gehiago egiteko gai dela demostratu nahian dabil. Sakontasun handiagoa dauka ordea PSOEren ildo errepresiboak. PSOEk ezin du ezker abertzalearen determinazio eta iniziatiba gaitasuna onartu. Jakin badakielako, ezker abertzalearen proiektua garaiezina dela. Halaber, badaki ezker abertzalea basaki kolpatzeak epe motzeko emaitzak emango dizkiola, baina argi du ere ezingo duela inoiz independentzia lortzeko erabakitasunarekin amaitu.

Holaxe kokatzen dugu ezker abertzaleak hauteskunde arrotz hauei begira hartu duen iniziatiba. Euskal Herria izeneko herri bat badagoela, eta Euskal Herriko Estatua aldarrikatzeko apustua egin du. Eta horregatik du ilegalizazioaren mehatxua ANVk.

Harritzekoa dena da Espainiako Estatuak, espainol izatera egunero bortxatzen saiatzen denak, ezker abertzalea beren legeri horretatik kanpora utzi nahi izatea. Urtetan saiatu dira beren sasi lege eta egituretan herri honen bizi nahia itotzen eta orain etsiak jota daude.

Argi dago Euskal Herriak ez duela lekurik legedi Espainol zapaltzailean.

Baina gauza bat ari da gizarteratzen, jarrera ez demokratiko guztien gainetik, ez PSOEk ez PPk, ez dutela ezker abertzalearen borondatea aldatuko.

Baina ez al duzue ikusten jarrera aldaketa bat ezker abertzalearen aldetik?

Guk ez dugu horrela baloratzen. Independentziaren aldeko borroka indartzeko uneak bizi ditugu. Ezker abertzaleak beti jakin izan du hauteskunde erronka bakoitzaren aurrean zein zen indarrak biltzeko aukerarik hoberena, ezker abertzaleari dagokio hausnarketa hori egitea eta ziur gaude arrakasta izango duela. ETAk herritar guztiei deia egiten die Euskal Herriko Estatua eraikitzeko prozesuan murgiltzeko, momentu bakoitzean eman beharreko urrats eta erantzunak emanez.

Baina PPren balizko garaipen batek ez al ditu negoziaziorako aukerak erabat itxiko?

Orain artean adierazi dugun bezala, gatazkaren terminoak gako politikoetan kokatuta daude, Euskal Herria eta Espainiako Estatuaren arteko enfrentamenduaren parametroetan, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren eskubideei ezartzen dien horma horretan. Estatu-gai baten aurrean gaude, eta ikuspegi horretatik begiratu behar zaio.

Horregatik, funts nagusia ez da PSOE edota PP Gobernuan egotea, Espainiako Estatuak Euskal Herriaren eskubideak aitortzea baizik. ETA, azken hogeita hamar urteetan kolore ezberdinetako gobernuekin eseri da gatazkari irtenbide negoziatu eta demokratiko bat emateko borondatearekin.

Alderantziz, Espainiako presidente guztiek negoziazio saiakera horiek gatazkari irtenbide faltsuak ematen saiatzeko erabili dituzte, ETA eta ezker abertzalea ahultzeko asmo zekenarekin.

Aitzitik, guztiek dakite Euskal Herria eta Espainia eta Frantziaren arteko gatazka soilik negoziazioaren bidetik gainditu daitekeela. Lehenago ala berantago itzuli beharko dira bide horretara, Euskal Herriari dagozkion eskubide demokratikoak aitortzeko bidera alegia.

Eta nola ikusten duzue PSNk UPNri gobernatzen jarraitzeko eman dion laguntza?

Arestian aipatu dugun moduan argi dago euskal aferarekin Estatu paktu bat dagoela. Madrilen hartzen diren erabakiak ditugu hauek. «Estatu arrazoia» delakoa gailentzen da dudarik gabe. Honelaxe interpretatu dugu Nafarroan gertatu dena. PSOEk Espainiako hauteskundeetan gertatuko denaren espektatiban kokatu du Nafarroako gobernabilitatea. Ez du orain eta hauteskundeak bitartean bere posizioa biluztu nahi.

Argi baitago ondorenean eta emaitzen arabera, erreforma baterako urratsak emango dituztela. Eta ez dugu ahaztu behar Nafarroan, herriari ezarri zitzaion amejoramendua etorkizunean herritarren onespen eta zilegitasunarekin zigilatzea dutela helburu. Baina ez herriari hitza eman eta Euskal Herriko Estatu baten sorrerako ateak irekitzeko borondate batekin, Espainiako Estatuaren erreforma baten pean kokatzeko helburu bakarrarekin baizik.

- JUAN JOSE IBARRETXE-ren EGITASMO POLITIKOAREN BALORAZIOA -

Ibarretxek egitasmo politiko zehatz bat jarri du mahai gainean, zein da ETA-ren posizioa Ibarretxeren proiektuaren aurrean?

79an Suarezen aurrean makurturik ikusi genituen PNV eta EEko buruzagiak. Hartan itxurakeria handiegirik egin gabe, herriaren eta oinarri militanteen bizkar negoziatu zuten. Madrilera joan eta Moncloako besarkada egin zuten, Gernikako Estatutua sinatuz.

Ia 30 urte geroago eta herri honen zoritxarrerako asmo berberean ikusten ditugu.

Ezin dugu Ibarretxe Plana PNVk barne mailan bizi duen tentsioak kontuan izan gabe aztertu. Imaz PNVren arduradun nagusi izan den epealdian, PNV alderdiak arriskuan ikusi du orain artean Euskal Autonomi Elkartean zuen hegemonia eta indarra. Espainiako Estatuko hainbat sektore seduzitzeko egindako keinuak gehiegizkoak iruditu zaizkie oinarri jeltzaleei. Irentsi ezinezkoa batzuentzat. Horrek ekarri du PNV barnean sortu den zurrunbiloa. Baina argi diogu, eraberean, PNVk bere hautua Espainiako Estatuko politikaren eta egonkortasunaren ikuspegi batetik egina duela eta norabide horretan diseinatzen dituela bere estrategiak, Espainiako botereekin eta une honetan Gobernuan dagoen PSOErekin batera. Abiadura Handiko Trenaren proiektua dugu horren adierazgarri, baita PNVk Espainiako aurrekontuei emandako baietza ere.

Honela eta egungo egoera politikoa kontuan hartuta, Ibarretxe PNVrekin batera 2009an EAEn izango diren hauteskundeak prestatzen hasia da. Estatuarekin konfrontazio faltsu bat irudikatzeko tresna paregabea sortu dute Ibarretxe Planarekin. 2009rako bidea egiteko «hoja de ruta»-tzat hartu, eta Espainiako Erreforma berri bati alfonbra gorria jartzeko. Beste iruzur bat.

Ibarretxek aldiz ETAri leporatzen dio Euskal Herria iraganera eraman nahi izatea.

Ibarretxeren beste gezur bat da hori. Espainiako marko bati lotuta biziaraztera kondenatzen gaituzten politika eta proposamenak dira iraganera eramaten gaituztenak. Ibarretxeri jakinarazten diogu marko autonomista espainola ez dugula inoiz onartu, ezta onartuko ere.

Edozein kasutan horrelako baieztapenekin biolentziaren mezu interesatuak botatzen ditu. Biolentziaren diskurtsoa desitxuratuz, hipokresia, demagogia eta zinismo etengabeko batean. Espainiako polizia autonomikoak herritarren aurka erabiltzen duen biolentzia existituko ez balitz bezala. Biolentziaz ari da lotsarik gabe euskal langileriaren lan baldintza prekarioak ehundik gora hildako eragin dituenean.

Berriro egiten diezue aipamena lan istripuei.

Bai, honek izen bakarra baitu, «terrorismo patronala». Egoera jasanezina gertatzen ari da. Enpresarien hipokresiak ez du mugarik. Ehundik gora hildako izan dira aurten lan istripuek eraginda baina larriena da egoera hau aldatzeko zantzu izpirik ez dela ikusten.

Sindikatu eta langileek behin eta berriz egoera hau geratzeko neurriak proposatu eta exijitu dituzte. Mobilizazio andana izan da, baina erantzunik ez da beste aldetik.

Administrazio publikoen erantzuna eta lehentasuna, pilota batetik bestera pasatzea eta patronalari zergak jaistea izan da. Argi ikusi dugu, esate baterako, Nafarroako Gobernuak edota Eusko Jaurlaritzak osasun arloan izan duten jarrerarekin. Sindikatu eta langileekin negoziaketa ukatu eta lan baldintza eta modeloa «dekretazoz» inposatzen dutenean.

Patronalak langile klasea esplotatzea eta baldintzak hobetu beharrean familien miserian sakontzea du helburu. Guztiaren gainetik irabaziak egin eta egin, lan baldintza oro albo batera utziaz. Enpresariek aberastasuna dakartela diote baina ez dute argi esaten nora daramaten aberastasun hori. Beren poltsikoak bete eta aberats bilakatzen dira, zein aberastasun da hori gure herriarentzat?

- AHT-ren PROIEKTUAREN IRAKURKETA -

Abiadura Handiko Trenaren proiektua aipatu duzue. Zein da ETAren irakurketa gatazka horren garapenaz?

Euskal Herrian gaur egun gatazka sozial garrantzitsu eta txiki ugari dago, baina ez da nabaritzen elkarrizketaz eta arrazoiz konpontzeko borondate berezirik. Azkenean ETAri arrazoia ematen diote etengabe. Autobidearen gatazkan parte hartu izan ez bagenu instituzioek beren proiektu zanpatzailea inposatuko zuketen armen indarrez. Lemoiz, Itoitz, superportu, aireportu, erraustegi eta abarrak.

Interes handiz eta egonezinez ere begiratzen ditugu, ipurdia besaulkietan itsatsirik duten sasi-politikari eta teknokratek, Lemoiz edota Leitzarango Autobidea bezalako gatazketatik, irakaspen gutxi atera dutela dirudielako. Berriro ere gatazka usteltzearen aldeko apustua egiten ari dira, aurrean herritarrek planteatzen dizkieten zentzuzko kritikak entzun gabe.

Proiektu ekologista, beharrezkoa edota ezinbestekoa dela esatera ere ausartu dira. Entzun ditugun azken zozokeriak, zozokeri hutsean geratuko lirateke, herriaren etorkizuna hipotekatzen duen proiektu bat dela pentsatuko ez bagenu.

Desinformazioa eta inposizioa hautatu dute. Euskal Herriak herri gisa egituratzeko eta bere garapen beharrei erantzuteko behar dituen azpiegituren inguruko hausnarketa eta eztabaida demokratiko bat eginez gero AHT ez dela behar argi geratuko litzatekeelako. Euskal Herriak, Euskal Herri osoak, zazpi lurraldeak bilduko lituzkeen Euskal Herriak, erabaki eta egituratze ahalmena izango balu, botere tresnak izango balitu, ikusteko legoke non geratuko liratekeen proiektu hauek. Herri galdeketak ekidin, galarazi, zergatik jarrera hau? Euskal Herriko demokraten bandera hartzen duten horiek, zeri diote beldur? Inposaketa ez dugu onartuko, eman diezaiotela hitza herriari eta errespeta dezatela.

zapatero

«Zapaterok hautu bat egin du, hautu oker bat, honek urte luzeetako gatazka iragartzen duelako Espainiako Estatuaren aldetik»

Erro politikoak

«Baina ETAk ez ditu inoiz gatazkaren parametroak zentzu militarrean ulertu; ez dago derrota militar posiblerik, gatazkaren erroak politikoak direlako»

helburua

«Euskal Herrian urte luzeetan eman den erresistentzia iraultzailearen helburu izan da, eta da, Euskal Herriko Estatuaren sorrera»

faseka

«Herri honek bere garapena izateko eskubidea du (...) Prozesu graduala izango dela badakigu, faseka garatu beharrekoa»

soluziobidea

«Harrigarria suertatzen zaigu, urte luzeetako borrokaren esperientzia izanik, oraindik orain gatazkaren soluziobidea nola eta nondik pasatzen den argi ez izatea»

capbreton

«Euskal gudari edota herritarren ehizan dabiltzan errepresio aparatuen aurka egingo dugu»

balmaseda

«PSOEko militanteek hausnarketa burutu beharko lukete egoera horiek guztiongan dituzten ondorioei buruz»

herritarrei deia

«ETAk herritar guztiei deia egiten die Euskal Herriko Estatua eraikitzeko prozesuan murgiltzeko»

ibarretxe

«Estatuarekin konfrontazio faltsu bat irudikatzeko tresna paregabea sortu dute Ibarretxe Planarekin»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo