Aitor Aldasoro Ataungo ezker abertzalearen izenean
Agur eta ohore Pilar
Barandiaranen iloba hil dela esan dute. Pilar hil dela diogu guk. Ez dugu Barandiaranen lana gutxietsi nahi, baina zu Pilar, haren itzala izan zara urte luzeetan, haren laguntzaile fin eta aholkulari ere bai zenbaitetan.
2008. urtea gogor etorriko zela esanaz genbiltzan, baina ez genuen uste hutsune hau izango genuenik. Urtea hasi besterik egin ez denean, hil egin zarela esan digute.
Unerik latzenetan ere zure etxeko atea jo dugun bakoitzean, irribarretsu atea erabat zabaldu diguzu, gure ahalegina eskertu eta lanean jarraitzeko indarra eman diguzu. Halabeharrez, erbestea ezagutu zenuen, eta zu izan zinen «mugalari», zu izan zinen Barandiaranen «Hegoaldeko ordezkari». Baina beste ezer baino lehen, emakumea zara eta zure indarra eta kemena ezinbesteko izan dira zuretzat eta zure ondoan izan diren guztientzat, baita osabarentzat ere.
Zuk esana da Barandiaran Biarritzeko farora joaten zela, handik Aitxu ikusten omen zuela-eta, orduak pasatzen omen zituen Ataun aldera begira.
Hala egongo gara geu ere, Kiñutik edo Igartutik begira, Sara etxean atea noiz irekitzen duzun zain, han ikusi nahi zaitugu, han ikusiko zaitugu, irribarretsu, inguratzen den edonori atea irekitzen. Eskerrik asko, Pilar, eta adiorik ez.