GARA > Idatzia > Euskal Herria

Foruzainek Arbizuko auzokide bat atxilotu zuten atzo arratsaldean

Foruzainek urteberri egunean istilu larriak eragin zituzten Arbizun, eta horien ondorioz bi pertsona atxilotu eta hamabost zaurituak izan ziren. Ostegunean, herriko sarreretan kontrolak jarri zituzten eta herriko jendea galdekatu zuten, eta atzo lagun bat atxilotu zuten.

GARA |

Astearte goizean istiluak eragin eta bi lagun atxilotu eta hainbat auzokide kolpatu ostean, foruzainek ostegunean Arbizuko sarreretan kontrolak ezarri eta herritarrak identifikatu eta galdekatu zituzten, arbizuarrek salatu zutenez. Gaineratu zuten kaleko jantziekin ziren polizien presentzia nabaria izan zela.

Hau gutxi balitz, atzo arratsaldean, 21.00ak aldera, auzokide baten etxera joan eta atxilotu zuten, beren argazki batetan agertzen zela argudiatuta.

Askatasunak gogor salatu du Arbizuko herriak azken egunotan bizi duen «bortizkeria», eta errepresio honen aurrean antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gonbita egin du. Era berean, urtarrilaren 1ean «egindako sarraskiarekin» nahikoa ez duen, eta zein helburu duen itaundu zion Foruzaingoari.

Hiru atxilotu eta zauritu ugari

Urteko lehen egunean, arbizuarrak Urteberria ospatzen ari zirela, foruzainek istilu larriak eragin zituzten. Honen ondorioz, bi pertsona atxilotu eta hamabost zauritu izan ziren. Atzo, hirugarren bat atxilotu zuten.

Udalak eta Askatasunak jakinarazitakoaren arabera, hainbat foruzain, aurpegia estalirik zutela, herriko plazan sartu, eta euskal presoen egoera salatzen zuten kartelak kentzen hasi ziren. Arbizuko alkateordeak, foruzainengana hurbildu, eta muturrekoa jaso zuen; ondoren, bi furgoneten ingurura eraman eta jipoitu egin zutela salatu dute. Horren ostean, herritar eta foruzainen arteko istiluetan beste gazte bat atxilotu zuten.

Gatibu eramandako bi arbizuarrak aske geratu ziren astezkenean epailearen aurretik pasa ostean. Era berean, bertako Udalak osoko bilkura berezia egin zuen eta gertatutakoa salatzeko mozioa onartu zuen.

MANIFESTAZIOA

Urtarrilaren 1ean foruzain eta Arbizuko herritarren artean jazotako istiluak salatzeko manifestaziora deitu du Udalak, hilaren 13an 19.00etan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo