Ziklo-krosa Espainiako Kopako azken bi probak
Txapeldun izateko azken aukera izango du Yusek
Ramales eta Muxikan jokatuko dira Espainiako Kopako azken lasterketak. Unai Yus gasteiztarra eta Oscar Vazquezen arteko lehia estua izatea espero da
GARA | DONOSTIA
Aurrera doa ziklo-kros denboraldia eta Espainiako Kopa ere iritsi da azken asteburura. Hala ere, ez dago ezertxo ere erabakita eta azken unera arte, txapela nork eramango duen ez da jakiterik izango. Oscar Vazquez da oraingoz liderra, 119 punturekin, baina Unai Yus bertan dauka, hur-hurrean, lau puntura. Ramales -Kantabria- eta Muxikan egingo diren probetan eman beharko du dena ziklokroslari gasteiztarrak lehiaketa hau bereganatu nahi badu. Azken aldion jokatu diren probei begiratuz gainera, badirudi Vazquezek denboraldi hasierako pedal kolpea galdu duela, eta baliteke Aidazu-Lankide taldeko gasteiztarrak garaipena esku-eskuan izatea, ohikoa duen erregulartasunari eustea lortzen badu, baina lehia estua espero da.
Hala ere, Unai Yus ez da Espainiako Kopa hau irabaz dezakeen euskal ziklo-kroslari bakarra, izan ere, Javier Ruiz de Larrinagak berak ere matematikoki badaukalako txapelketa hau irabazteko aukerarik, Dena dela, egungo Euskadiko txapelduna Oscar Vazquezengandik 25 puntura dago. Ondorioz, falta diren lasterketa bietan irabazle atera beharko luke eta, horrezaz gain, aurretik dituen beste bi aurkarien hutsegiteen zain egotea egokituko litzaioke.
Gainerako parte hartzaileetatik inork ere ez luke txapeldun izateko paradarik, baina erabakigarri izan litezke, Vazquez eta Yusen artean dagoen abantaila eskasa kontuan hartuta David Seco, Isaac Suarez, Jose Antonio Diaz Arriola, Tino Zaballa (LA-MSS) edota Jose Antonio Hermida berak ere zer esanik izan lezakete, batez ere Unai Yusek Oscar Vazquez eta bere artean parte hartzaile horietako zenbait tartekatzea lortuko balu.
Lokatza Ramalesen
Muxikako biharko probaren aurretik Kantabrian Ramalesen ekin beharko diote ziklo-kroslariek, bertako Gandason parkean, urteroko zirkuituan.
Nahiko laua da lehiakideek aurkituko duten ibilbidea, baina, aldapa gogorren faltan, ez dira gogortasun ezagatik kexatuko, izan ere, asteon egindako euria dela-eta, lokatz dezente egongo dela espero baitute antolatzaileek.
Goizeko 10.00etan hasiko dira lasterketak, «mastersak», junior eta elite mailako emakumeen lasterketarekin. Ondoren, kadete mailako neska eta mutilak abiatuko dira 11.00etan. Juniorrek 11.45ean ekingo diote lanari eta 23 urtez azpiko eta elite mailako gizonezkoak ez dira 12.45ak arte abiatuko. Eguraldi txarra egingo balu, azkenengo lasterketa hasterako oso egoera kaxkarrean egon liteke Ramaleseko zirkuitua lokatzaren erruz. Horren puntu gutxiren aldea egonda sailkapen nagusian, edozein xehetasun nahikoa izan liteke sailkapena iraultzeko.