Emakumearen aroei buruz mintzo da Natalia Monge «Lilas» ikuskizunean
Lanean buru-belarri hasi dute 2008a Organik konpainiako kideek. Izan ere, aretorako eta kalerako obra banarekin osatuko dute aurten beren errepertorioa. Urtarrilean «Lilas» estreinatuko dute Leioan eta maiatzean, berriz, «Malditas», bost jaialdiren arteko ekoizpena.
Izaskun LABEAGA | BARAKALDO
Natalia Monge eta bere taldea Barakaldoko Clara Campoamor Kultur Etxeko areto nagusian ari dira ``Lilas'' lanari azken ukituak ematen. Ordu asko ematen dituzte entseguetan, urtarrilarren 25ean, Kultur Leioan izango baitute estreinaldia.
Emakumearen bizitzako hiru une aukeratu ditu Getxoko koreografoak bere azken ikuskizuneko hiru pertsonaiek inprobisazioak eraiki ditzaten. Pilar Andres, Helena Golab eta Izaskun Santamaria dantzariak arituko dira taula gainean, Natalia Mongeren zuzendaritzapean.
Feminismoaren kolorea aukeratu du izenbururako, frantsesez, tonu horretan imajinatu baitzuen eszena montaje honen gaineko lehen ideia burura etorri zitzaionean. «Gaia, berez, emakumea eta bere hormonak dira», azaldu du. Hala, hiru une aukeratu ditu ardatz bezala: nerabezaroa, haurdunaldi garaia eta menopausia sasoia. Memento horietan gertatzen diren aldaketak garrantzitsuak dira, eta horiek interesatu zaizkio bereziki sortzaile bizkaitarrari: gorputzean izaten diren aldaketak, emozio-mailan, hilerokoaren aurreko tentsioa. «Hormonei buruz ere ari gara -esan du- edo emakumeari egozten zaizkion rolen gainean, klixe oso ezagunak erakusten ditugu».
Mugimendua da nagusi. Kalerako ekoiztu dituzten azken lanen aldean, guztiz bestelakoa da, dantzak lehentasuna du beste elementuen gainetik; atmosferekin, giroekin lan egin dute. Hala ere, testuak badu bere garrantzia entzuleei igortzen zaizkien mezuen osagarri. «Dantzariok mungimendua dugu nahiago, baina gure aukera da testua erabiltzea edo ez. Nire estiloa hau da, alegia, zerbait oso zuzen eta argi adierazi nahi dudanean, abstrakziorik gabe, hitza erabiltzen dut -aipatu du Mongek-; nahasketa horren bitartez, mugimenduaz eta testuaz baliatuz, beste elkarrizketa maila bat lortzen duzu ikuslearekin, hurbilagoa». Ez du tesi itxi bat bota nahi, ideia sorta bat baizik, bakoitzak bere hausnarketa egin dezan. Umorea da beste osagaietako bat. Gatz puntu bat badu, ikuspuntu kritikoa duten irudiak ere diren bezala.
Itziar Madariagaren musika
Itziar Madariaga aukeratu du ``Lilas'' ikuskizuna musikatzeko. Harreman luze eta estua dute bi artistek eta oso ondo ulertzen dute elkar. Madariaga hasiera-hasieratik dago proiektu honetan sartuta; ohi ez bezala, pieza bat sortu du entseguak martxan jarri aurretik eta hortik sortu da gero koreografia. Soinu elektronikoa da, oso erritmo desberdinak dituena.
``Lilas'' urtarrilaren 25ean estreinatuko dute Leioan. Atsedenerako betarik gabe, otsailean, ``Malditas''i forma emateari ekingo dio Mongek.
Udan kalerako lan handi bat egitea eskaini zioten. Ez da nolanahiko proposamena, bost jaialdiren babesa baitu: Leioako Umore Azoka, Bilboko Kalealdia, Gasteizko Kalearte, Valladolid eta Donostiako antzerki feriena. Alberto Saavedra eskultorearen ``Niños malditos'' obra aukeratu du abiapuntu. «Bere panpinekin lan egingo dugu. Gauez izango da, argiekin». Oraingoz, ezin du besterik esan.
Maiatzean «Malditas» izenburuko ekoizpena aurkeztuko du Natalia Mongek. Kalerako ikuskizuna izango da eta Alberto Saavedraren «Niños malditos» artelana izango du abiapuntu.
Obra: `Lilas'. Zuzendaritza: Natalia Monge. Dantzariak: Pilar Andres, Izaskun Santamaria, Helena Golab.
Musika: Itziar Madariaga. Konpainia: Organik.
Argiztatzea: Gabriel Punzo. Eszenografia eta jantziak: Organik. Estreinaldia: Urtarrilak 25. Lekua: Kultur Leioa.Ordua: 20:30.