GARA > Idatzia > Errugbia

Emakumezkoak

Biarritzek eskurago du orain laugarren postua

Lapurtarrek ez zuten partida handia egin, baina garrantzitsuena lau puntuak eskuratzea zen eta hori, behintzat, lortu zuten; oraingoz zaleek horrekin konformatu beharko dute

BIARRITZ 10

MONTAUBAN 8

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek garaipena behar zuen atzo, eta lortu egin zuen. Horri esker, laugarren postua gero eta gertuago dauka. Gaur Avironek galtzen badu postu hori biarriztarrentzat izango da, eta ez dago gaizki. Jokatu, gaizki jokatu zuten, baina finalerdietarako sailkatzeko postuetan dago.

Partida hasi orduko okertu zen euskaldunentzat, Peyrelonguek ezin izan baitzuen atzoko partida jokatu. Bezperan lapurtarren entrenatzaileak ezagutzera eman zuen hamabostekoan bera agertzen zen, baina gau txarra pasa zuela-eta tripako minez, atzo ez zen jokatzeko gauza izan. Traille aritu zen haren ordez, eta lan ona egin zuen.

Denboraldi hasieran bezalaxe, Biarritzi asko kostatzen zaio entseguak egitea, eta atzo ere hori ikusi eta baieztatu zen. Baina lehen partidekin alderatuta, aldaketa bat ere nabari da, izan ere, atzealdean askoz ere sendoago baitaude, eta horri esker puntu gutxi hartzen dituzte.

Montauban zerbaiten bila etorri zen atzo Biarritzera. Euskaldunen jokoa ez da oso ona, eta horretaz baliatu nahi zuten puntuak eraman ahal izateko; baina, azkenean, defentsan lortutako puntu gehigarriarekin bakarrik konformatu behar izan ziren, zuri-gorriak jokoan gailendu egin baitziren.

Partida ez zen ona izan. Bi taldeek erasoan min egiterik ez zuten behin ere lortu. Lapurtarrak oren erdia bete aurretik aitzineratu ziren Willemsek lortutako entseguarekin. Gero, Dupuyk ez zuen hutsik egin ostikoarekin, eta 7-0 aurretik jarri ziren markagailuan. Handik minutu gutxira Traillek zigorra gauzatu zuen, eta egoera horretan joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian, ordea, Montauban gerturatzen joan zen, eta bi puntura geratu zitzaienez, azkeneko minutuetan sufritzea egokitu arren, azkenean, garaipena Biarritzen geratu zen.

Aviron

Aviron Baionakoak bere norgehiagoka jokatuko du gaur, 17.30etik aurrera, Bourgoinen zelaian. Zuri-urdinek ez dute partida samurra izango, aurkariak ere asko baitu jokoan.

Aurten, ustez goian ibili behar zuen talde asko dabil erdialdean sailkatuta, eta horietako bat da Bourgoin. Gaur galduko balu atzera pausoa emango luke, eta lehenengo lau horietan sartzea gero eta zailagoa izango luke, Ligari oraindik asko geratzen zaion arren. Aviron, ordea, oso ongi dabil Liga hasiera honetan, eta aukera ederra izango dute estreineko lauretan sartzeko.

Euskaldunek jokalari garrantzitsu guztiak dituzte jokatzeko moduan, eta galtzeko ezer ez dutela joango dira Bourgoinera, eta irabazteko, gainera, asko izango dutela. Etxeko taldean, aldiz, urduritasunak hasi dira agertzen, eta horretaz baliatzeko itxaropena eraman dute zuri-urdinek.

BIARRITZ

10

MONTAUBAN

8

Hasiera ona

Biarritzek lehen zati ona egin zuen, eta horri esker, 10-0 aitzineratu ziren. Bigarren zatian,ordea, behera egin zuen, eta amaieran sufritzea egokitu zitzaion

Atzealdea

Biarritzek atzealdean ez ditu uzten jada, hasieran uzten zituen bezainbeste zulo eta, horri esker, puntu gutxiago hartzen ditu, nahiz eta atzo ere entsegu bat jaso zuen

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo