DEIA Josu Torre 2008/1/3
Sartzeko
(...) Aspaldian sortu eta egun bizi naizen Mungiako Atxuri auzora etorri baita urte osoz bizitzera alegiazko ikazkin oro ezagun hori. Auzokide izango dut beraz.
Famatu den neurri berean, arrotza da Olentzero auzokideontzat. Arrotz izan arren onartua izango dela uste badut ere. Halako abegi onez hartu baditugu Bekoiturriara etorri zan Beatriz brasildarra, Goitin aspaldi bizi den Salem marokoarra, Estra-tzara etorri berria den Mark filipinarra edo Beittiondora iristear den Jei nepaldarra, besteak beste. Denak etxeko, auzoko, ditugu jadanik.
Bat baino gehiago suminduko da alegiazko lodikote hori ezdakitnundik etorritako hezurmamizkoekin aldaratzeagaitik. Ez dakit, dena den, konparatze hori zeinen alde edo zeinen kalteko den. Utz dezagun horretan, beraz.
Ez baita hori nik zirrikitu honetatiktik ikusi eta aipatu nahi dudana, Olentzeroren etxe horren kudeatzearen ingurua baino. Subentzio milonarioz egin den eraikinera sartzea zortzi edo sei euro ordaindu beharra gehiegitxo ote dan -eskolaumeentzat barne- edo beste zenbait herritarren kexa obrak dauden bitartean, baina oraingoan bertara bideratzeko jarri dituzten kartelak gaitzetsi nahi ditut zuzenean.
Urrunetik ikusten diren hitzak hauek dira: Sartzeko, Entrada. Abiatu naiz Elhuyarren hiztegi handira, aztarnarik ere ez, R.M. Azkue ere miatu dut, han ere ez da Sartzeko ager-tzen deklinatu gabe. Ez dakit nora jo, gaztelerazko Entrada brotxaz tapatu nahi izan duen hipereuskaradun burutsuren batengana ez bada. Hori baita ondo dagoen hitza, gazteleraz baina ondo.