GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Andoni Arriola eta Arantza Urkaregi (*) EAE-ANVko Bizkaiko batzarkide hautatuak

Jose Luis Bilbaori erantzunez

Bilbao Partiduen Legea baino harago doa, «legalki» hautaturiko batzarkidea bera ere baztertu egiten baitu. Baztertu ez ezik, kriminalizatu ere egiten gaitu. Zertarako itxaron Garzoni?

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak berriro errepikatuko du ez duela EAE-ANVko batzarkidearekin hitz egingo. Haren aitzakia omen da ETAri esan behar diogula «gelditzeko, politika egiteko garaia dela».

Bilbao jaunari esan behar diogu geuk ez diogula inori eskatzen politika egiteko baimenik, EAE-ANVko batzarkide hautatuok (ez bakarrik Partiduen Legeak onartutakoak) politika egiten ari gara, EAE-ANVko bostehun inguru hautetsi guztiek bezalaxe. Egunero, udaletan, Batzar Nagusietan, kalean,... leku guztietan «Politika» egiten dugu, ez besterik. Ala Jose Luis Bilbaok bat egiten du Garzonen teoriarekin, guztiok ETA garela defendatzen ote du?

Edozein kasutan, ez gaitu harritzen gurekin hitz egin nahi ez izateak, azkenean, EAE-ANVk egiten dituen proposamen politikoek eta EAJk bultzatzen duen politika guztiz kontrajarriak baitira. Bilbao jaunak txikikeriak («fruslerías») deitzen dituen gastu soziala, errepide eta azpiegituretan inbertitutakoa, euskara bultzatzeko dirua, bultzatzen den kultur mota... horietan islatzen da, hain zuzen, EAJk Bizkairako eta bizkaitarrentzako duen eredu sozial atzerakoia. Eta horretaz ez du gurekin hitz egin nahi politika horretatik desbideratzeko ahalegin txikienik egiteko prest ez daudelako, ez Jose Luis Bilbao ez EAJ. Argi geratu da orain dela gutxi izan dugun Bizkaiko aurrekontuen eztabaidan.

Baina Jose Luis Bilbaoren hitzek oso argi agertzen dute gatazka konpontzeari begira EAJk izan duen, eta duen, portaera. Ibarretxe elkarrizketaren defendatzaile sutsu aurkezten zaigun bitartean, EAJk elkarrizketarako eta akordiorako aukerak zapuztu egiten ditu. Hori izan zen EAJren jarrera ezker abertzaleak negoziazio-mahaian aurkezturiko Marko Demokratikorako Proposamenaren aurrean: ezetz esan zion gatazka behin betiko konponduko lukeen proposamenari eta gatazka luzatzearen aldeko hautua egin zuen.

Askotan esan dugu EAE-ANVren ilegalizazioa eta bizitzen ari garen eraso errepresiboak aurrera eramateko PSOEk bazuela laguntza hemen. Norbaitek zalantzak baldin bazituen, Jose Luis Bilbaori entzun, besterik ez da egin behar. Bera da «Demokrazia Zero»ko politikaren defendatzaile sutsua, eta Partiduen Legea baino harago doa, hain zuzen, «legalki» hautaturiko batzarkidea bera ere baztertu egiten baitu. Baztertu ez ezik, kriminalizatu ere egiten gaitu. Zertarako itxaron Garzonen autoari? Jose Luis Bilbaok eta EAJk jadanik ilegalizatu gaituzte.

Jose Luis Bilbaok, Ibarretxeren kontsulta dela-eta, aurretik Zapaterorekin akordioa lortu nahi duela ere esan zuen. Hori izango omen da EAJk defendatzen duen elkarrizketa, Konstituzioa inposatzen digun eta gure eskubideak urratzen dituen Estatuarekin elkarrizketa, bai, zalantza barik... Independentzia defendatzen dugunontzat, aldiz, hitzik ez; aukera politiko guztiak defendatu eta egingarri egingo dituen marko demokratikoaren alde lanean ari garenontzat egurra, bazterketa, errepresioa, ilegalizazioa... hori da Jose Luis Bilbaok nabarmendu duen EAJren benetako aurpegia.

(*) Andoni Arriola eta Arantza Urkaregiz gain, EAE-ANVko Bizkaiko batzarkide hautatuak diren Ohiana Estibez, Ana Mezo eta Txarli Gonzalezek ere sinatu dute idazki hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo