GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Upelak eta lapikoak

Gaur alfergurak hartuta altxatu naiz. Eta gizon arruntaren kopletan legez, lehenbiziko gauza ahoa zabaldu eta komunera joan, aurrean papera atzean papera.... Egunkaria hartu eta aitaren batean eman diet zeharreko begirada eguneko berriei, gaur ilustratua sentitzeko. Baina, ez dakit zergatik, arinegiko begirada izan dela uste dut, ez naizela albisteon mamira heldu. Horra, Iowa izeneko nonbait caucus izeneko zerbait izan eta beltza den norbait ageri da. Eta segituan imajinatu dut eszena, gehiago irakurri gabe: Magrebeko hegoaldeko herrixka txiro horretan beltzen familia handia cuscus lapiko baten inguruan jesarri da, bihar lapikoa betetzeko beste labore izango ote duten zalantza bizian. Hauxe kolpea gero! Hiltzear dauden zalantza bizia izatearena! Tira, harira. Ez dakit zein estatu izardunetan ustez demokratak direnak eta ustez errepublikanoak direnak elkarrekiko lehian ari dira, ustez beti ere. Zeinek ulertu? Demokratok monarkikoak eta errepublikanook demokraziaren kontrakoak ote? Ene, ene! Zer jarrera hartuko luke han demokrata errepublikano batek, baten bat balego sikiera? Azken finean, Etxe Zuriak zuri izaten segituko du, hainbat klima aldaketa bitarte. Tira, orria pasatu dut. Horra, petrolioaren prezioak goia jo du; horretan ere maitasunean legez: atzo baino gehiago, bihar baino gutxiago. Hori merkatuan izan da; azokan, ostera, labore-upelaren prezioak jo du goia. Magrebeko hegoaldeko herrixka horretako lapikoen zalantza inoiz baino biziagoa da, laster batean inguruko bidexketatik abiadura handian pasatzeko asmotan izan diren zaldi askotako autoen lapikoek erregai-zalantzarik izango ez bazuten ere. Baina ez, aurten ez dira pasatuko; ez, ez da manifestazio baten ohiko oihua, erabakia jada hartua dute Lisboan. Ez dugu, beraz, aurten ikusiko teknologia patenteak miseria patentearen aurretik igarotzen. Kanpokoen autoetako lapiko beteak bertoko autoktonoen lapiko hutsen aurretik. Patenteen arteko borroka nabarmena. «Zibilizazioen aliantza», edo. Bitartean, hemen, gehiengo sozialak Estatu izateko nahia omen duen Herri honetan hasiak dira eskegitako pankarta ofizialak lurreratu eta abendura arte biltegian zokoratzen. «Zorionak» eta «Bakea» gabonetako mezuak baino ez dira; urtean zehar batak zein besteak prezioa dute. Ba ote dakizu zenbatetan dagoen gaur bake-upela? Eta zorion-upela?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo