Top 14
Galdu arren, puntu bat lortzeko modua izan du Avironek
Euskaldunek ez zuten partida txarra egin; eta bigarren zatian gailendu ziren arren, atzeko lanari esker lortutako bonusarekin konformatu behar izan zuten
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek ezin izan zuen Bourgoinen irabazi, baina ez ziren esku hutsik etorri, defentsan egindako lan onagatik puntu bat eskuratu baitzuten, eta horrek ere badu bere balioa.
Atzo Bourgoinen jokatutako norgehiagokak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengoan, etxeko taldea izan zen nagusi, baina bigarrengoan euskaldunak hobeto aritu ziren, gailendu egin ziren, eta garaipena ere ez zuten oso aparte izan. Amaieran lortutako puntua gutxitxo izan zen zuri-urdinentzat, irabazteko aukera ere izan baitzuten.
Lehen zatiko lehen minutuetako orekaren ostean, etxekoak aitzineratu ziren zigor bati esker, baina gero Larretxeak berdindu egin zuen, drop baten bidez. Hortik aurrera, lehen zatia amaitu bitartean, gauzak erabat okertu ziren euskaldunentzat.
Oren erdia pasatxo zenean, etxekoek lehen entsegua lortu zuten, eta 8-3koa jarri zen markagailuan. Avironek nahi zuen, baina ezin zuen. Atzean, hala ere, lan ona egiten ari ziren, eta bazirudien emaitza horrekin joango zirela bi taldeak atseden hartzera, baina azken jokaldian transformatutako entsegua egin zuten etxekoek eta 15-3ko emaitzarekin joan ziren atsedenera.
Bigarren zatian euskaldunak aurrera egin zuten eta garaipena lortzea bazegoela ikusi zuten. Ez zuten aukera gehiegi sortu, ordea, eta azkenean transformatutako entsegu bat lortu arren, ez zen garaipena lortzeko nahikoa izan, eta puntu batekin konformatu behar izan zuten.
Biarritz, laugarren
Avironen porrota primeran etorri zaio auzoko taldeari, izan ere horri esker, eta herenegun lortutako garaipenari esker, Biarritz sailkapeneko laugarren postuan kokatu baita. Beraz, une honetan Biarritz finalerdiak jokatzeko postuetan da. Baionako taldea, aldiz, seigarren postuan geratuko da.
Partidaren gakoa lehen zatiko azkeneko zazpi minutuetan egon zen, tarte horretan etxeko taldeak hamabi puntu egin baitzituen, eta amaieran hori erabakigarria izan zen haientzat
Norgehiagoka handia ez zen izan, baina Avironek berriro ere itxura ona eman zuen, eta zaila izango bada ere, Liga lehenengo lau postuetako batean amaitzeko aukerak badituztela erakutsi zuten