GARA > Idatzia > Kultura

«Ezin ditugu begiak itxita atxiki egunero gertatzen diren gauzen aurrean» «La sombra del cazador»

p048_f02_230x136.jpg

Jon MAK

MUSIKA ARMATU KOMANDOKO KIDEA

MAK taldeak hip-hopa egiten du, Iparraldetik eta euskaraz. Askori oraindik arrotz egiten zaizkion doinu bero eta dotorearen usaina dario «Suaren garai, errauts errekai» lan autoekoiztuari, protagonistak pozik esan digun legez, «buhameak bezala iturri guztietan freskatzen baikara».

Anartz BILBAO | BILBO

«Suari darion kea» estreineko lanagatik ezagutu genuen iparraldeko MAK hip-hop taldea. Bigarren erasoa jo dute orain, «Suaren garai, errauts errekai» autoekoiztua. Jon kantariarekin elekatu gara, gurean ohikoak ez diren erritmoetan mugitzen den taldea ezagutzeko.

Zer edo nor da MAK?

MAK egitasmoa orain bospasei urte hasi nuen Dj Alfekin, ordenagailu eta biragailuekin musika egin eta gainetik rapeatzen. Duela bi urte itzuli ginen gure kubazuloetara, lan berria prestatzeko. Laurent Gikel kontrabaxua ezagutu genuen eta berak zuzenekoak manera «organiko» batez lantzea proposatu zigun, Xabi Leon teklatuetan eta Martxelo Shlaflang baterian. Gaur egun, beraz, Musika Armatu Komando osatzen dugu bostek.

«Suari Darion Kea» plazaratu zenuten Metak zigiluan.

Metakek konfiantza eman zigun lehen pauso musikala kaleratzeko, eta eskertu behar dugu guretzat sekulako esperientzia izan zena, jende berria ezagutu, kontzertuak ezker-eskuin eskaini eta konfiantza irabazteko. Baina manera batez, beharbada, sobera fite ibili ziren gauzak guretzat, epe oso laburrean asko genuen deskubritzeko eta ulertzeko, eta hiru abeslari ginenez, tentsioan egin ziren gauzak. Hortan pixka bat domaia izango zen bizi genuena. Salmenten aldetik, egia esateko, gauzak oso lausoak izan dira diskoetxearekin. Hortan gutxi kontrolatu genuen, baina, tira, huts egiteetaz da ikasten.

Bigarren diskoa aurkeztu berri duzue orain.

Bigarren pauso bat da. Lehena hasiera bat bazen, hau benetan gaurko suzko garaian kokatu nahi genuen, soinuzko vendetta ala berbazko suntsiketa genuen erraietatik atera behar. Beraz, aurrekoaren segida bat da baina, bai hitzen aldetik, bai musikaren aldetik, sakonduz adierazteko manerak.

Emaitza izan da bihotz oso oneko lagun askoren kolaborazio lana, egitasmoa aberastu duena. Horien guztien laguntzarik gabe, ez zen sekula kalean izango. Oso harro gaude guretzat lanak duen balore «artistiko» horregatik baina, batez ere, lagun batzuek osatu dugun familia baten lana izateagatik.

Eta autoekoiztua.

Metakekoek interesik edo ekonomia ahalmenik ez zuten, eta joan ginen Euskal Herriko beste diskoetxeetara. Kontratu arrunt ustelak proposatu zizkiguten: guk lan guztia egin, eta diskoetxearen izenarekin ateak irekitzeko aukeraren truke, soldata haientzat! Musikariak ez dira sekula musikaz bizi izaten, inguruan direnak bai. Inork ez du egiazko apusturik egiten, eta bost axola musika... euroak lehenik! Autoekoizpenean ibiltzea zailagoa da, kontaktu zerrendarik gabe ibili behar, diruaren aldetik asmatu behar dituzu bideak... baina borondatearekin gauzak egiten ahal dira, ateak sakatuz. Autoekoizpenak sekulako satisfakzio pertsonala eman digu.

Lagun asko dituzue inguruan.

Lagun batzuei kolaboratzeko proposamena egin genien. Hurbildu ziren Aire Ahizpak, Jon Maia eta Igor Elortza, Fat Fish, Sorkun, Moro Bad Sound System, Baionako QNB eta Sir Staf, Odei, Txomin Human BeatBox guda kideak... bakoitza bere estiloan, (rapa, bertsua, rocka). Lagun horiek abenturazaleak dira eta eskertzen diegu laguntza.

Gizarte arazoez mintzo zarete.

Euskaldunak, abertzaleak, ezkertiarrak eta Euskal Herriko biztanleak garelako ezin ditugu begiak itxiak atxiki egunero gertatzen diren gauzen aurrean: demokraziaren zapalkuntza, presoen sakabanaketa, tortura, edo gure arteko kalapitak, gure nortasunaren ukazioa, Iparraldearen egoera, etxebizitzari lotuak diren problematikak, lan eskasa.... Ikuspegi global bat hartuta, aipatzekoak dira ere bai, Estatu Batuen eta mendebaldearen kolonialismo jarrerak, ingurumeneko alerta gorri guztiak,.... eta luzea da oraindik zerrenda! Gure musikaren bidez salatu eta manera «artistiko» batez adierazi nahi ditugu gaiok, entzuleari galdera zenbaitsu pausatu eta zirikatu, bakoitza bere mailan ekintzara pasatzeko eta eztabaida bat hasteko.

Hitzak nola josi musikari?

Ez gara ohiko musikariak, piratak baizik; eta izate hori aldarrikatzen dugu. Musika estilo desberdin asko entzuten ditugu eta hortik ateratzen inspirazioa. Askotan samplerrekin hasten gara, eta erritmo oinarri bat pausatzen diogu gainetik. Hortik bi lan sortzen dira: hitzena da bata, eta musikarena bestea. Hitzen aldetik, errimak aberasteko, Aitziberrek lagundu gaituela azpimarratzekoa da.

Bideoklipa egiteko aukera ere ukan genuen, euskal dantza tradizionala eta breakdance dantza nahasteko. Proiektuaren adar honetan Aldudarrak Bideokoen laguntza funtsezkoa izan zen.

Nola ikusten duzue merkatua?

Ez gara saltzaileak, beraz, ez dugu merkaturik ikusten. Diskoen «merkatua» desagertzen bada hobe. Ohartu: galdu egin nuen «Suari darion kea» diskoa, eta behartua izan naiz interneten kargatzera! Musikariok harreman zuzen bat lortzen badugu entzuleekin, orduan bai, ekonomia justua eta merkatu bat aipatzen ahalko dugu, gure kasuan, behintzat.

sorrera

«MAK egitasmoa duela bospasei urte sortu zen, ordenagailu eta biragailuekin musika egin eta gainetik rapeatzen»

diskoetxeak

«Kontratu arrunt ustelak proposatu zizkiguten. Guk lan guztia egin eta, diskoetxearen izenarekin ateak irekitzeko aukeraren truke, soldata haientzat»

«Gure ustez rapak ekar lezake punkaren errabia»

Euskal Herrian hip-hopa hastapenetan da oraindik.

Egia da gaur egun gutxi garela euskaraz rapeatzen, baina ikusiko duzu, 10 urteren buruan, oroituko garela garai batez rock eta punk musika baizik ez zela egiten Euskal Herrian! Gure ustez, garai batez punk eta rock musikek adierazten zuten errabia, rapak ekar lezake.

Iparraldeko taldeak ere ez dira sarri ikusten Hegoaldean.

Gaztedanik muga beti zeharkatu dugu ohartu gabe, putzu baten gainetik salto bat bezala. Guretzat berdin da Baiona Ttipian ala Bilboko Sorgintxulon jotzea. Pertsona irekiak eta hertsiak aurkitu ditugu euskaldunen artean ere, sasiko muga horren bi aldeetan. Hori ez da harritzekoa. Zailena da zirkuitoetan sartzea, eta deia berriro egin nahi diegu gaztetxeei eta gazte asanbladei: kontzertuak antolatu eta etorriko gara plazer handi batez: abordarerat!

Non eros dezakegu lan berria?

Aurkitu ahal da txorizo saltzaile on guztien dendetan. Noski Megadendetan («Virgin» euskalduna) eta zuzenekoetan. Eta hilabete bukaerak zailak badira, karga interneten!

A. BILBAO

autoekoizpena

«Zailagoa da, baina borondatearekin gauzak egiten ahal dira eta sekulako satisfakzio pertsonala lortu»

merkatua

«Ez gara saltzaileak eta ez dugu merkaturik ikusten. Diskoen merkatua desagertuta, entzuleekin harreman zuzena lortzen badugu, hobe»

Ficha

Director: Richard Shepard.

Guión: Richard Shepard; basado en un artículo de Scott Anderson. Intérpretes: Richard Gere, Terrence Howard, Jesse Eisenberg, James Brolin, Ljubomir Kerekes, Kristina Krepela, Diane Kruger.

País: EEUU, 2007. Género: Drama bélico, comedia negra.

Duración: 96 minutos.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo